EAJ-PNVren Soraluzeko udal taldeak prentsa ohar bitartez jakinarazi duenez, 2026ko udal aurrekontuari “esparru estrategikoak” hartzen dituzten proposamen propioak egin dizkio.
Haien artean, Hirigintza alorrean eskatu dute SAPAren 2. fasea osatzea, “espazioa egokituz eta alboak itxiz, bai eta esparruari bizia emango dion jardueren urteko programazioa abian jartzea ere – kontzertuak, antzerkiak, azokak edo herri topaketak –".
Musika eskola, aparkalekuak, komunak…
Eskatu dute ere “Musika Eskola birgaitzeko proiektuarekin aurrera egitea, Erregetxeko lurpeko aparkalekua aztertzen hastea, futbol zelaiko instalazioak berritzeko proiektua idaztea, musika taldeentzako entsegu lokal berri baten kokapena aztertzea, asfalto-lanak egitea, amiantoa duten eraikinen inbentarioa egitea eta udal brigadarako ibilgailu berri bat erosteko partidak, baita herrian komun publiko berriak jartzeko ere”.
Azpiegiturak ez diren alorretan, berriz, jeltzaleek uste dute kale-garbiketa “erabat” indartu behar dela, “herriaren abandonu orokorra” sumatzen baita. Ildo horretan, “paperontzi gehiago” jarri, “espazio publikoetan grafitiak” kendu eta “markesinak eta igogailuak astero” garbitu behar direla diote.
Gizarte Ongizate alorrari dagokionez, honako proposamenak egin dituzte: “Zaintza Ekosistemaren Proiektua hastea; adinekoen egoitzan premiaz jardutea – lurren lerradura kenduz eta ezponda egonkortuz – eta, beharrezkoa balitz, sorgailu alternatibo bat izatea; Frontoi 5eko etxebizitza erostea, gizarte baliabideetan integratzeko eta Itxaropena Erretiratuen Elkarteko terrazako argiztapena berritzea”.
Sologoeneko argindarra eta beste
Ingurumen alorrari dagokionez, jeltzaleek proposatu dute “Sologoen zentral hidroelektrikoak sortutako energia tokiko energia komunitatean sartzea, Askabeitxiko iturria konpontzea, Muskiritzuko kudeaketa planean aurrera egitea landaketa autoktono berriekin eta lurrak erostea. Eta, bidegorriaren ondoan aisialdirako eremu berri bat sortzea, komun bat gaitzeko aukera” ere aztertuz.
Azkenik, Bizikale merkatari elkartearen komunikazio plana bultzatzea ere proposatu du.
Batzuk adostuta
Iker Aldazabal bozeramale jeltzalearen esanetan, taldearen proposamenek “herriaren egunerokotasuna hobetzea eta gure bizilagunek gehien erabiltzen dituzten zerbitzuak indartzea” dute helburu, eta horietako batzuk Udal Gobernuarekin adostu direla esan du. “Gure helburua argia da: Soraluze irisgarriagoa, seguruagoa eta zainduagoa. Eta horretarako, eskua luzatzen diogu Gobernuari arduraz eta zorroztasunez lan egiten jarraitzeko”.