19:00ak jotzeaz bat pankarta zabaldu eta haren bueltan joan ziren herritarrak plazaratzen Indarkeria Matxista Salatzeko Nazioarteko Egunean. 100 lagunetik gertu elkartu ziren, helduak ia guztiak eta gehienak emakumeak.
Lehenago, Soraluzeko Udalak indarkeria matxista salatzeko adierazpen instituzionala kaleratu zuen, Udalean ordezkaritza dute talde guztien adostasunarekin.
Oro har, indarkeria matxista gizarteko lehen mailako arazoa dela azpimarratu zuten eta horri guztion artean aurre egin beharra dagoela mahai gaineratu, egiturazkoa den arazoari egiturazko erantzunekin. Bide horretan, komunitatearen babesa beharrezko ikusten dute eta baita ere gizarte eredua aldatu beharra.
Soraluzera etorrita, jakinarazi zuten Udalak honako jarduerak garatzeko konpromisoa hartu duela:
- Indarkeria matxistaren aurreko protokoloak eguneratzen dihardugu. (…) Berregokitzapen guztiak egingo ditugu; erasoa jasandako pertsonaren beharrak zentroan jarriz eta benetako erreparazioa bilatuz, berriz biktimizatzea ekidinez.
- Indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzen jarraituko dugu, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko.
- Erantzunak integrala behar du izan ibilbide honetan. Hori dela eta, prebentzioan eta heziketan ere pausoak ematen jarraituko dugu:
- Hezkuntza formal eta ez-formaleko eragileekin elkarlanean,
- Emakumeen* ahalduntze eskolan ere emakumeen* arteko elkarguneak indartzen eta tailer, hitzaldi, tertulia eta bestelako topaguneak eskaintzen.
- Hezkuntza, osasun, kultura eta aisialdi inguruneetan laguntza-sareak sustatu, zerbitzu publikoak taldeekin, elkarteekin eta berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan elkarri laguntzeko ekimenekin konektatzeko.
- Zaintza eredu komunitario feminista bat garatzea proposatzen dugu, emakumeen zaintza-lana aitortuz eta birbanaketarako mekanismoak sustatuz, eta horretarako zaintzen komunitate-ekosistema bat sortzeko estrategia definituko dugu.
- Soraluzera kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera eta integrazio programak garatzeko pauso sendoak emango ditugu, tokiko komunitatearekin lotzea ahalbidetzeko, bereziki emakume eta neskengan arreta jarriz.
- Tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzen jarraituko dugu eta haiekin koordinatzen, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak haien borrokan babesa emateko jarduerak garatzeko.
- Aurtengo erronka handia daukagu mahai gainean: Soraluzeko udalean III.berdintasun planaren balorazioa egiten ari gara eta honek IV.planaren oinarriak ezarriko dizkigu maila instituzionalean eta baita gure herriari begirako erronketan pausoak ematen jarraitzeko urtarriletik aurrera.