“Urte oparoa” izan dela uste du Etxera mugimenduak

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 1a

Urtea amaitzeko azken txanpan, 2025aren balorazioa egin zuten euskal presoen aldeko barikuko elkarretaratzearen bueltan. Oro har, “urte oparoa” izan dela uste dute, “aurrera urratsak nabarmenak” izan direla eta “euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxeratzearen helburua inoiz baino gertuago” dagoela. Azpimarratu dute horren bultzada “euskal gizartearena” dela “hein handi batean” eta bide beretik segituko dutela abenduko zein urtarrileko mobilizazioetan.

2025ean egindakoaren balorazio positiboa eginda, aurrerantzean aldarrikatuko dutenari begira jarri ziren euskal presoen aldeko barikuko elkarretaratzean, berretsiz “sufrimenduak ezin duela gehiago luzatu, egiak, aitortzak eta erreparazioak ezin duela gehiago luzatu eta bakeak eta elkarbizitzak ezin duela gehiago luzatu”.

“Elkarbizitza agertokiak” eskuratzeko ezinbesteko ikusten dute “biolentzia ezberdinen biktimen aitortza eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesua” eta ildo horretik etorriko dira Gabonetako zein urtarrileko mobilizazioak.