Zapatuan banatuko dituzte Kontrargiren XXXVI. Argazki Rallyko sariak

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 15a

Zapatuan, abenduaren 20an, banatuko dituzte Kontrargiren XXXVI. Argazki Rallyko sariak. Beti du meritua rallyan saridun izateak, maila altua baitu lehiaketak; baina aurten are handiagoa da meritu hori, inoiz baino lehiakide gehiago izan baitira 62, Euskal Herri mailan bigarren partaidetzarik altuena. Gainera, Txokori aitortu diote berriro hamarretako onenaren saria. Irabazleen artean, Herriko saria Mikel Valerori emango diote. Zapatuan, 12:00etan da hitzordua, Araneko erakusketa aretoan.

Joan den azaroaren 28an elkartu zen epaimahaia Kontrargiren argazki rallyra aurkeztutako argazkiak ikusi eta puntuak banatzeko. Hiru argazkilarik osatu zuten epaimahaia, Gurutze Ariznabarreta argazkilari soraluzetarrak, Jose Luis Feo bergarar argazkilariak eta Virginia Arakistain argazkilari eibartarrak.

Sei saridun izendatu zituzten:

  • Gorka Gomez irabazle
  • Patxi Irazabal bigarren
  • Gurutze Langarika hirugarren
  • Mikel Valero herriko saridun
  • Noel Rodriguez Gazte saridun
  • Sari berezia, Blues Hotsak-ena, Mikel Bravo

Saridunek hainbat sari eskuratuko dituzte, besteak beste, Miguel Criado Soraluzeko eskulturagileak egindako eskultura bana.

Birritan garaile

Osterantzean, esan oso pozik daudela Kontrargi Argazki Kolektiboan aurtengo argazki rallyarekin, bi arrazoirengatik.

Batetik, Herriz Herri Argazki Elkartearen "babesean" antolatzen diren 14 rallyetan, argazkilari kopuruari dagokionez Soraluzekoa bigarrena izan da, (62 argazkilari, marka guztiak apurtzen). Eta bestetik, "hamarretako onenari emandako saria ere Soraluzeri egokitu zaio berriro, (hau ez da berria, ohitura baizik!)", diote Kontrargitik.