2024ko azaroan estreinatu zuen BAM!-ek Hamelingo txirularia. Harrezkero makinatxo bat emanaldi egin ditu arrakasta handiarekin. Javi Gabilondo, Soraluzen bizi den eibartarra, irailean hasi zen eurekin entseatzen eta obra taularatzen. Ezoziko Ama Abesbatzako kide izaki, Hamelingo Txirularian parte hartzeko gonbitea jaso, Gabilondok baietz esan, eta Antzuolan eta Getxon egindako ikuskizunetan parte hartu du.
Kontatu duenez, gustura dabil esperientzia berrian, dio ez daukala “zerikusirik” abesbatzan kantatzearekin: “Interpretazio musikalaz aparte, antzerki interpretazioa ere behar da; batetik, adi egon behar duzu musikalki eta doinua ondo abesten eta bestetik, eszenatokiko mugimenduak-eta kontrolatu behar dira. Badu bere zailtasun puntua. Baina ondo nabil. Oso dibertigarria da. Azkenean ondo pasatze aldera egiten dugu, hori da motibazioa. Gustura egiten dugun bitartean jarraituko dugu”. Astero entseatzen dute, aste-barruan eta baita asteburuan ere.
Hurrengo hitzordua Donostian dute, martitzenean, abenduaren 23an. Bi pase egingo ditu Hamelingo Txirulariak, 17:00etan eta 19:30ean. Sarrerak hemen eros daitezke.
Zuzeneko orkestra, haur abesbatza…
Iñigo Casalí eta Iñaki Elizaldek 2008an egindako El Flautista de Hamelín gaztelaniazko musikalaren euskarazko bertsioa da talde artistiko bergararra eszenaratzen dabilena. Zuzeneko orkestrak, 30 aktorek eta 40 kantarik osatutako haur abesbatzak osatzen du taldea.
Valen Moñux bergararrak egin du Grimm anaien ipuin ospetsuaren euskarazko egokitzapena –Miren Amasorrainek, Oihan Vegak eta Jone Larrañagak, berriz, zuzenketak–. Ander Arrutirekin batera, Moñuz bera da zuzendari eszenikoa ere, eta laguntzaile lanetan dihardu Oihan Vegak. Marije Ugaldek berriz, abeslariak eta abesbatzak zuzentzen ditu.
Bergara Antzerki Musikalak 35 urte daramatza euskarazko musikalak egiten eta Hamelingo Txirularia 13. lana izango da.