Ordutegi bereziak izango dira datozen asteotan

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 22a

Datozen asteotan, gorriz markatutako jai-egunek eraginda, ordutegi bereziak izango dituzte zerbitzu eta saltoki askok. Udal zerbitzuen artean, esaterako, Udal liburutegia itxita da abenduaren 28ra arte; gainerako zerbitzuetan, jai-egunetan ez, besteetan normal jardungo dute. Saltoki gehienek, berriz, jai-egun bezperatan goizeko ordutegiarekin jardungo dute, eta, bestela normal.

Zerbitzuei dagokienez, anbulatorioan normal lan egingo dute, jai-egunetan itxi bai, baina jai-bezperatan, 24an, 31n eta 5ean, normal zabalduko dute.

Udal zerbitzuen artean, berriz, liburutegia barikuaz geroztik itxita dago, abenduaren 28ra arte. Abenduaren 29tik 31ra eta urtarrilaren 2an eta 5ean, berriz, goizeko ordutegiarekin jardungo du, 10:00etatik 13:00etara.

Arane kiroldegiak, berriz, bakarrik jai-egunetan itxiko du eta gainerako egunetan betiko ordutegiarekin izango da zabalik. Eskaintzen dituzten ikastaroak ere berdin egongo dira, tokatzen diren egunetan. Eta udaletxea jai-egunetan zein bezperatan itxita izango da, osterantzean, normal, 09:00etatik 14:00ak arte.

Udaltzaingoa, berriz, jai-egunetan itxi eta jai-egun bezperatan, abenduaren 24an eta 31n, 17:00etan bukatuko dute. Osterantzean, normal egingo dute lan, baita urtarrilaren 5ean ere.

Farmaziari dagokionez, Kalebarrengoa jai-bezperetan, 24an eta 31n 09:00-13:00etara zabalduko dute; abenduaren 27an eta 28an, berriz, guardian egongo da eta jai-egunetan izan ezik, gainerakoetan ordutegi arrunta izango dute.

Correosen, berriz, esplikatu dute jai-egunotan eta bezperan itxita izango dela, eta, ohartarazi dute urtarrilaren 2tik aurrera ordutegi berria izango duela Correosek Soraluzen duen bulegoak. 

Saltokiak

Saltokiei dagokienez, berriz, gehienek jai-bezperatan goizeko ordutegian zabalduko dute, jai-egunetan itxi eta osterantzean normal zabalduko dute. Horrela egingo dute Okelia eta Iñarra harategiek, Estankoak eta baita Kooperatibak ere. Azken horretan, hori bai, abenduaren 26-27an eta urtarrilaren 2-3an goiko solairua  itxita izango da.

Amparo autozerbitzuak, berriz, jai-bezperetan ez ezik, 29-30ean eta 2-3an ere goizez zabalduko du saltokia.

Fruta-dendei dagokienez, Criadok 24-26an-27-31n eta 2-3an goizez zabalduko du. Eta Vidal fruta-dendak jai-egunetan itxita baina bestela normal zabalduko dute.

Mendizabal okindegian, Iratxo goxo-dendan eta Txuritxu goxotegian, berriz, bakarrik jai egun berezietan itxiko dituzte saltokiak, osterantzean zabalik izango dira.

Eta KLB6 jantzi-dendan, jai-egunetan itxi bai, baina gainerako egunetan goizez eta arratsaldez zabalduko dutela esan dute.