Soraluzerako bidean dira Olentzero eta Mari Domingi

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 23a

Bihar, abenduak 24, 11:00etan iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi Plaza Barrira. Galtzagorriek lagunduta, kalejira egingo dute umeekin. Azken orduko aldaketarik ez bada, idiek lagundutako gurdian egingo dute erdiguneko bisita, Araneko frontoira ailegatu arte. Han batuko dituzte Soraluzeko umeen gutunak eta opariak emango dizkiete. Barruan irakurgai Olentzerok eta Mari Domingik soraluzetarrei idatzitako gutuna. 

Bihar goizean, urduritasunez beteta izango dira Olentzeroren eta Mari Domingiren zain Soraluzeko umeak Plaza Barrixan. Haiek 11:00etan jaitsiko dira menditik, Elizburuko eskaileretatik behera, Galtzagorrixek bidea argiztatuta.

Plaza Barrixan ongi-etorri lanak eginda, kalejiran abiatuko dira guztiak elkarrekin, kantu herrikoiak abestuz, erdiguneari buelta eman eta Zubi Nagusira ailegatu arte. Zubian, gurditik jaitsi eta Araneko frontoira joango dira, hamaiketakoa egin eta bertaratuko diren umeen gutunak batzeko.

Umeak, berriz, adinka antolatuta gerturatuko dira Gabonetako bi pertsonaiengana, altzora igo edo ondoan jarri, gutuna eman, kontutxoak belarrira esan eta opariak eta Mendizabaleneko ogi goxoa hartuko dituzte trukean. 0 urtetik LH6ra bitarteko umeak izango dira gonbidatu.

Horrez aparte, ilaran zain dauden bitartean, jolasak izango dituzte frontoian eta salda eta txorizoa hartzeko aukera ere.

Hona hemen irakurgai Olentzerok eta Mari Domingik Soraluzeko umeei idatzitako gutuna: