Eguraldi tristeari aurre eginez, ongietorri beroa eta betea egin diete Olentzerori eta Mari Domingiri gaur goizean. Menditik jaitsi dira haiek Galtzagorrien suziek bidea argiztatuta, eta, Plaza Barrixan zain zituzten ume guztiekin elkartu eta Plaza Zaharrera joan dira kalejiran. Guztien gidari izan dira Txikito eta Txato eibartar idiak eta Altzubarren baserriko Javier Arrillaga. Plaza Zaharrean Gabon kantak abestu ondoren, Zubi Nagusira joan eta han, Olentzero eta Mari Domingi gurditik jaitsi eta Aranera joan dira guztiak, gutunak eman zein jasotzera.