Ligako lehen buelta ixteko partidu bakarra falta zaio Sorako lehen taldeari. 27 punturekin, sailkapeneko bigarren postuan dago, eta, komeni zaio horri eustea Txapeldunen Fasera sailkatzeko. Izan ere, Gizonezkoen Erregionalen Mailan 6 taldetan zortzina ekipo ari dira jokatzen, eta talde bakoitzeko sailkapeneko lehen bi ekipoak, hirugarren lau onenak eta hirugarren postuko sei ekipo sailkatuko dira Txapeldunen Fasera.
Sora Futbol Taldearen kasuan, bosgarren taldeko bigarrena da, eta, lehia zuzena dauka laugarren taldeko Lengokoak ekipoarekin. Hain justu ere, Lengokoak ekipoari aurrea hartzeko, Sorak beharrezko du urtarrilaren 11ko asteburuko partidua berdintzea, ala noski, irabaztea. “Ez badugu ateratzen, ez dugu merezi hurrengo fasera joatea. Berdindu ala irabazi egin behar da”, esan du Iokin Arrillaga entrenatzaileak.
"Erregulartasuna"
Txapeldunen Fasera 16 talde sailkatuko dira eta buelta bakarreko 15 partidu jokatuko dituzte. Fase horretan, lehen lau taldeak igoko dira hurrengo mailara, beti ere, goiko mailan talderik ez dutenak.
Osterantzean, denboraldi hasieratik orain arte egindakoari buruz “nahiko balorazio ona” egin du Sorako entrenatzaileak; taldearen “errgulartasuna” nabarmendu du Arrilagak: “Heltzen gara azken partidura aukera nabarmenekin. Argi dago lanak askoz hobeto eginez gero, dena eginda legokeela, baina pozik nago, irabazi, galdu edo berdindu, nahiko regularrak izan gara orain arte. Ekipoaren erregulartasuna nabarmenduko nuke”.