200 bisitari inguruk ikusi dute Eli Lakuestaren argazki erakusketa

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 30a

Gaur, abenduak 30, azken eguna da Eli Etor Lakuesta argazkilariaren erakusketa ikusteko. Lakuestaren bestelako erakusketek moduan, honako honek ere ikusle ugari erakarri ditu. Antolatzaile Kontrargi Argazki Kolektibotik esandakoaren arabera, joan den astean, 200 bat zituzten kontabilizatuta.

Herriko paisaiak eta batik bat, soraluzetarrak. Horixe erakusten dute erakusketa gelan ikusgai dauden Eli Etor Lakuestaren argazkiek, eta, argi dago halakoak ikustea oso gustuko dutela herritarrek. Erakusketaren bisitari kopurua da horren erakusle: 200 lagun joan den astean.

Argazkiak ikusi, ezagunak eta senideak identifikatu eta lehengo denborak oroitu, kasu honetan 60ko hamarkadakoak. Halaxe ibili dira bisitariak erakusketan. Hain justu, haien laguntzarekin identifikatu dituzte argazkiko protagonistetako asko, nahiz eta oraindik hainbat ezezagun izaten segitu.

Erakusketak atzo ere izan zituen zenbait bisitari gazte eta gaur izango ditu azkenak, gaur itxi eta datozen egunotan kenduko baitituzte argazkiak.