Giro paregabea Soraluzeko San Silbestre lasterketan

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 31

Jendetsu eta umoretsu joan da gaur San Silbestre lasterketa herrikoia. 100 bat partaide izan ditu, umeak, gazteak, helduak eta baita beteranoak ere, nagusiena 87 urteko Elisa Labaien. Santa Ana kaletik abiatu da, serpentina, suziri berde eta txalo artean. Erdiguneari sei buelta eman ondoren, hamaiketako gozoa izan dute sari Plaza Barrixan, salda, txorizoa, txokolatea eta bizkotxoak, hotzak aldendu eta goiza gozo bukatzeko. (Argazkiak barruan). 

Gaur, 11:30erako bazen giro Plaza Barrixan. San Silbestre lasterketa herrikoiaren antolatzaileak bertan zeuden, partaideendako txokolatea eta salda eta txorizoa prestatzen. Haiek, hasi dira apurka-apurka plazara gerturatzen eta 11:50 aldera abiatu dira Txuritxu parera, lasterketa hasierara.

Mozorrotuta edo apaingarriren batekin joan dira gehienak. Korrika zein oinez, erdiguneari sei buelta eman diote, edo gutxiago, izan baitira bakarrik azken buelta egin dutenak ere. Azken batean, parte hartzea zen gakoa, urtea kirola eginez, umoretsu eta elkarrekin amaitzeko.

Eta halaxe egin dute. Plaza Barrixan amaitu da San Silbestrea, hamaiketako gozoarekin eta jai giroan. Eta mozorro onenak sari berezia izan du, Gabonetako arbolen taldeari eman diote 50 euro, herrian kontsumitzeko.