Xaguxaharrak, deabruak, intxixuak, erleak, piratak, bikingoak, perretxikua... askotariko Buruarin motak egin dituzte gaur Soraluzeko Udalak Gabonetako egitarauaren barruan antolatutako tailerrean. Udalak eskainitako plaza guztiak bete dira eta hogei familiak baino gehiagok parte hartu dute.
Gorka Olazabal Paxo eta Xabat aita-semeen gidaritzapean, umeek eta gurasoek piezak moztu, margotu eta itsatsi dituzte buruarinei forma emanez. Bi ordu inguru behar izan dituzte horretarako.
Buruarinak egin eta gero, antolatzaileek puxika bana eman diete umeei eta haiek gogotsu atera dira kalera buruarinak jantzita eta puxikak eskutan.
Buruarinak bogan berriz
Duela, bi urte, 2024ko Santiago Santa Ana jaietan etorri zen lehen aldiz Buruarinen tailerra Soraluzera. Orduan ekimenak izan zuen arrakasta gogoan, erabaki du orain Udalak Gabon garaian ekartzea eta oraingoan ere tailerrak harrera ezinhobea izan du herriko familien aldetik.
Gorka Olazabal Buruarin zerbitzuko tailer emaleak kontatu duenez, urte asko dira buruarinak asmatu eta tailerrak eskaintzen hasi zirela. Ostera, pandemiak geldialdi handia ekarri omen zuen eta urte batzuetan ia eskaerarik gabe egon eta gero, azken bi urteetan bogan omen dira berriz. Hala, aurtengo neguan indartsu ekin diote berriz herriz herriko ibiliari. Orain, gainera, buruarinez gain, erraldoi txikiak ere eskaintzen dituzte.