Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatzea erabaki du, goizaldeko 03:00etatik aurrera.
Neguko Bidezaintza Planak foru-aldundien eta autobideen elurra kentzeko 215 makina aktibatzeko aukera ematen du; 7 garabi astun, gune estrategikoetan kokatuta, tona askoko ibilgailuak kentzeko; eta, beste 130 ibilgailu, koordinazio- eta zaintza-lanetarako lagungarri izango direnak. Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie. Negu honetarako planak 28.500 tona gatz eta 775.000 litro gatzun eskura izatea aurreikusten du.
Halakoetan ohi denez, autoa ez erabiltzea eta ahal bada garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dute. Baina bidaia saihestezina bada, Eusko Jaurlaritzak honako gomendio hauek helarazi ditu:
- Errepideen egoerari eta egoera meteorologikoari buruzko aldez aurreko informazioa eskatu Euskalmeten eta Eusko Jaurlaritzaren 011 trafiko-telefonoaren bidez.
- Pneumatikoen, galgen eta izotz-kontrakoen egoera aztertu, kateak eraman beti, erregai-tanga beteta eta babes-elementuak ez ahaztu. Eta ahal den guztietan telefono mugikorra eraman; bereziki, bigarren mailako errepideetan zirkulatu behar duten gidariek. Neguko pneumatikoak erabiltzea oso gomendagarria da.
- Poliki zirkulatu, izotz-plaken presentziari adi, batez ere gune laiotzetan.
- Aurreko autoarekiko segurtasun-distantzia ohi baino handiagoa izan.
- Direkzio-aldaketa zakarrik ez egin. Bolantearen mugimendu leunekin gidatu.
- Izotz-eremu batean sartuz gero, ez zapaldu balazta, utzi ibilgailuari bere inertzia hutesez Aurrera egiten.
- Erabili neguko pneumatikoak, eta halakorik ez badago, jarri kateak autoari izotza edo elur gogorra dagoenean edo zirkulazio-agenteek hala adierazten dutenean.
- Irratia oso lagungarria izan daiteke une oro ondo informatuta egoteko.