Barikuan inauguratuko duten erakusketaren antolatzaile Alberto Ramirezek “kolore eta indar adierazkorreko zurrunbilo” modura deskribatu du Soraluzera gonbidatu duen Josette Dacosta margolaria. Artistak berak bere blogean “kolorea, mugimendua eta bizipoza” leloa darabil portadan. Eta halakoxe obraren mostra bat jarriko du Oreka Art galerian.
Barikuan, 19:00etan inauguratuko dute erakusketa eta otsailaren 3ra arte izango da ikusgai. Astelehenetik barikura izango da zabalik, 19:00etatik 20:00etara, eta, aukera dago ere Ramirezekin hitzordua eginda erakusketa ikusteko.
"Elementuekin jostatzea" gogoko
Josette Dacosta Itzal Aktiboa Arte Garaikidearen Hedapenaren Aldeko Elkarteko kide da. Donibane Garazin egoitza duen elkarteak “Euskal Herrian arte garaikidea sustatzea du eginkizun, mugaz gaindiko kultur trukeetan laguntzea eta sorkuntza artistikoa haurrei ezagutaraztea”.
Itzal Aktiboa elkarteak honelaxe deskribatzen du Josette Dacosta:.
“Josette Dacosta kolorista da. 1944an Bordelen sortua da. Itzal Aktiboa elkarteko kide sortzaileetarik da. Abstrakzio espresionistatik hurbil den pintura egiten du. Ibilbide artistikoa Madrilen hasi zuen, Teresa Muñiz artista abstraktuaren estudioko ikasle gisa, 1987an.
Koloreak landuz, gai eta euskarri desberdin anitz baliatzen ditu, afixa zirtzikatuak, igeltsuzkoxingolak, eta gai organiko desberdinekin (artilea, lastoa, etab.) kolaketa eginez. Jende jarduera oro joankorra dela jakinez, gustatzen zaio elementuekin jostatzea, eguzkia, euria eta haizea bere sorkuntzetan eragiterat utziz. Haren obrak bilduma publiko eta pribatu batzuetan daude, Alemanian, Frantzian, Espainian, Ingalaterran eta Estatu Batuetan. Ateleria Donibane Garazin du (Nafarroa Beherean)”.