“Iparraldekoa naiz, oso herri ezagun batekoa, Donibane Garazi. Sarri margotu nuen herria, eta, etxe aurriak margotzen hasi nintzen, gero argi-ilunak. Urteetara, pigmentua deskubritu nuen eta hura niretzat liberazio bat izan zen, koloreak linazi-olioarekin nahastu ahal nituelako, eta, kontzentrazio handiagoa lortu. Hala, tailerrean margotzen hasi nintzen. Orain gutxi egin ditudan koadroetan, adibidez, beste pigmentu mota bat deskubritu nuen. Eta oso libre margotzen dut orain”. Halaxe hasi zuen bere erakusketaren aurkezpena Josette Dacosta margolariak atzo, barikua.
Iparraldeko paisaia inspirazio
Esan zuenez, azken urteotako margolanak jarri ditu ikusgai Oreka Art galerian. Kolore eztanda da haietako bakoitza, bizia eta indartsua. Iparraldeko paisaian du jatorria artistaren inspirazioak, bizilekuan zein familiako etxea duten inguruan, batik bat. “Asko-asko inspiratzen naiz paisaian, kolore aldaketak, mendiak… ni bizi naiz leku batean non oraindik ardiak, behiak… dauden”.
Margotzeko erabiltzen dituen pigmentuak, berriz, bere nahasketen emaitza dira, akrilikoa, kola, ur apur bat… nahastu, nahastu eta nahastu, eta, kolore berriekin esperimentatzen du, baita matizekin ere, “guztia ez da lisoa” dio, azken batean, koloreen pare, mugimendua margotzea ere oso gustuko du Josette Dacostak.
“Nahasketak egitean, deskubrimendua da guztia oraindik ere; sekula ez dakit zer gertatuko den, baina, azkenean, gustatu egiten zait. Oso espontaneoa da, urte luzeko lanaren ondoren onduta. Ni berandu hasi nintzen margotzen, 34 urterekin. Orduan, umeei eskolak ematen nizkien. Umeendako museo batean nengoen, eta, Bruselan eta baita Parisen ere, artista askorekin egin nuen topo. Gero, Madrilera joan nintzen, Movidaren sasoia zen eta tailer, erakusketa… ugari zeuden. Han hasi nintzen irakasle oso on batekin, Teresa Muñizekin, oraindik badut harremana”.
Hegoaldeko influentzia
Gaineratu zuenez, orain margotzeko darabilen estilo kolorista eta abstraktua, berriz, Hegoaldeko artisten influentziari zor dio: “Izuran urtero gonbidatzen nituen Hegoaldeko artistak, etorri zen Goenaga, Zumeta… Goenagari asko gustatzen zitzaion herria eta hara margotzera joan zen. Ikusi nuen beste zerbait egiten zuela hark, eta ikasi nuen beste zerbait egin zitekeela. Orain, inpultso bat moduan da. Orain margotzen dudan moduan libreago sentitzen naiz”.
Margotzen hasi aurrekoari eutsita, Dacostak kontatu zuen gaur egun ere artea umeei gerturatzen ahalegintzen dela: “Donibane Garazin espazio bat daukat eta Ikastolako umeak etortzen dira, nik artistak gonbidatzen ditut erakusketak egitera, batzuk hemengoak”.
Hain zuzen, harreman horren emaitza den eskultura bat ikusgai dago Oreka Art galerian, Soraluzeko zatitxo bat ere baduena, gainera: “Orain urtebete Beran erakusketa egin nuenean, Ikastolak nahi zituen 50 aulki izan, urteurrena ospatzen zutelako, eta, umeekin hamar gehiago egin eta han ipini ziren. Nik honako hau erakusketarako egin du dut. –Aulki guztiak dira birziklatutakoak, kalean hartutakoak, eta, bat Soraluzen hartu genuen- esplikatu du Josetteren lagunak.
Erakusketaren aurkezpena eskerrak emanez bukatu zuen Dacostak. Bertan izan ziren udal ordezkariak, bestelako artistak eta, zenbait herritar. “Eskerrik asko guztiei etortzearren, eta, bereziki, Albertori, Bingeni, Aitorri, Juan Luis… nire inspirazio izan ziren, beti lagundu izan didate nire artea garatzen”.