"Espetxe-legeria arrunta aplikatzea da bidea gaur egun askatasunik gabe dauden pertsonak etxera itzultzea ahalbidetzeko", adierazi dute Bego Atxa eta Joseba Azkarraga Sare Herritarreko bozeramaileek manifestazio amaierako ekitaldian. "Bakea eta bizikidetza ez dira posible izango indarkeriaren biktima guztien errespetua, aitortza eta elkartasuna oinarri ez badira", gaineratu dute. Ildo horretan, salatu dute biktima batzuk "ikusezin" bilakatu nahi dituztela: “torturatuak, estatuaren indarkeriaren biktimak eta mendekuan oinarritutako espetxe politikaren ondorioz hildako 35 preso eta 16 senideak”. "Urraketa horiek azaleratu, eta egileak oraindik ere babesten dituen inpunitatea bukatu behar” dela aldarrikatu dute.

Milaka herritarrek (65.000 medio batzuen arabera) eta askotariko erakundeek babestu dute gaur Bilboko kaleetan euskal presoen eskubideen alde egin den mobilizazioa. Ekimenarekin bat egin dute, esaterako, ondorengo alderdi politiko eta sindikatuek: EH Bai, EH Bildu —Sortu, EA eta Alternatiba–, Ahal Dugu, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CGT, CNT Etxalde, Junts per Catalunya, ERC, CUP, BNG, eta Mes per Mallorca.
Ezin da gehiago luzatu zioen pankarta joan da manifestazioaren buruan. Pankartari eusten hainbat pertsona ezagun: Arantxi Padilla (kazetaria), Olatz Iglesias eta Amaiur Iragi (presoen senitartekoak), Rosa Rodero (ETAren biktima), Ixone Fernandez (Estatuaren biktima), Eba Ferreira (Harrera Elkartea), Fouad Baker (legelari palestinarra), Garazi Hanch Embarek (aktibista sahararra), Xabier Amuriza, Xabat Illarregi eta Aitor Etxeberriazarraga (bertsolariak), Francis Diez (Doctor Deseoko abeslaria) eta Hur Gorostiaga (Seaskako zuzendaria).