Eguenetik, Gabolatseko zubia itxita, Baltegietako obrengatik

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 12a

Baltegieta kalea abenduan.

Aste honetako eguenetik, Gabolatseko zubia eta SAPA eta Baltegieta 22 arteko kale zatia itxita izango dira ibilgailuendako. Kaleko galtzada-harriak birjartzeko obrak hasiko dituzte. Udalak ohar bidez esan duenez, obrek iraun bitartean -3 edo 4 aste- garajeetara sartzea debekatuta izango da eta lehenago moduan, orain ere SAPAko ibilgailuek irteera Baltegietatik egingo dute.

SAPA eta Baltegieta 22 arteko kale zatia zaharberritzeko obrak azken txanpan sartu dira. Zorua konpondu dute, zenbait hoditeria aldatu, guztia hormigonatu, eta, orain, galtzada-harria jartzen hasiko dira. Lanak eguenean hasiko dira, eta, aurreikuspena da 3-4 bat aste irautea. Kale horretan lehenago zeuden galtzada-harri berberak jarriko dituzte.

Lanen eraginez, Gabolatseko zubia eta Baltegietako kale zati hori itxi egingo dute zirkulaziora eta SAPAko ibilgailuek irteera Baltegietatik egingo dute. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, urtarrilaren 15ean, 07:00etarako itxiko dute eremua. Hori horrela, garajeetako ibilgailuak derrigorrez SAPAko gunera eraman beharko dira eta obrek iraun bitartean garajeetara sartzea debekatuta izango da.