Gaur, Txaro Lete gogoan pentsiodunen elkarretaratzean

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 12a

Gaur, 40 lagun pasak parte hartu du pentsioen aldeko elkarretaratzean.

Gaurkoa, pentsio publiko duinen aldeko ezohiko elkarretaratzea izan da, aldarrikapenetik baino oroimenetik gehiago izan baitu, joan den astean hil zen Txaro Lete kidea gogoan. “Lehen egunetik mugimendu honen motorra, indarra eta gida izan den emakumea” izan dela nabarmendu dute, besteak beste. 40 lagun pasa izan da elkarretaratzean.

Txaro Letek maite zuen Mikel Laboaren musikarekin egin dute pentsio publiko duinen gaurko elkarretaratzea eta harentzat izan da gaurko irakurketa bakarra. Pentsiodunen mugimenduan egindako lanaz aparte, herrigintzari emandakoa ere nabarmendu dute.

"Lurrak goxo har zaitzala"

Irakurgai osoa hemen:

“Gaur une batez gelditu nahiko genuke, gure plataformako kide bat gogora ekartzeko. Txaro, Pentsionistak Martxan mugimenduko kide bat agurtzea dagokigu; guretzat kide soil bat baino gehiago izan dena: lehen egunetik mugimendu honen motorra, indarra eta gida izan den emakumea.

Gure herrian bere konpromisoa, kemena eta presentzia pentsio eta bizitza duinaren aldeko borroka  partekatu horren parte izan da. Beste askok bezala, ulertu zuen elkarrekin eta elkarrekin defendatzen dena ez dela bidean galtzen.

Txaro, bide honi ekin genionetik, lehen lerroan egon zinen, kontzentrazio bakoitza, pankarta bakoitza eta justizia oihu bakoitza bultzatzen.

Plaza honetan eta kontzentrazio bakoitzean bizirik iraungo du bere ahotsak eta irudiak. Txaro gogoratzeko modurik onena aurrera jarraitzea da, ahaztu gabe, batzen gaituzten duintasuna eta elkartasunaren garrantzia.

Ez dizugu agur esango gure borrokan geratzen zarelako. Mila esker Txaro emandako guztiarengatik. Lurrak goxo har zaitzala!”.

8. urteurrena

Osterantzean, astelehenero egiten duten pentsioen gaiari buruzko irakurketari dagokionez, gogora ekarri dute aurten pentsioen aldeko mobilizazioaren 8. Urteurrena dela eta, hori ardatz, egunotan prentsaurrekoa emango dutela.