Atzo iluntzean, 10 bazkidek parte hartu zuten Baso Biziak elkartearen urteko batzarrean, tartean, elkarteko bazkide diren udal ordezkariek ere bai.
Elkarteko zuzendaritzak urteko deskargua egin zuen, eta, aurtengo lorpenik handiena nabarmendu zuten, “urte luzean” lortu nahian ibili ondoren, 2025aren amaieran lortu baitute Irure-Sagar Erreka inguruan 17 hektareako lursaila eskuratzea.
Azken 170.000 metro koadro berri horiekin, bost urteotan, Soraluzeko Baso Biziak elkarteak 54 hektarea lursail eskuratu ditu, “demaseko emaitza ona da eta zorionak denoi, hau denona da-eta”, esan zuten.
2025a zenbakitan
Osterantzean, 2025. urteko jardunari buruzko datuak eman zituzten.
- Adibidez, landaketei, ibai garbiketa eta bestelako ekintzei dagokienez, 8 jardunaldi egin dituzte.
- 104 bazkide ditu elkarteak, 100 diru-ekarpenak egiten eta lau lurrak lagatzen.
- 1.325 zuhaitz landatu dituzte.
- 17 hektarea lursail erosi dituzte.
- 200 bat boluntario ibili dira landaketa eta bestelakoetan.
2025eko balorazio orokorra positiboa izan zen, baita zenbakitan ere, berdean baitituzte.
2025eko errepasatzeaz batera, bost urteotakoari ere begiratu zioten eta ibilbide orokor hori ere oso modu positiboan baloratu zuten.
Lursail kopuruari dagokionez, esaterako, 54 hektarea lur kudeatzen dituzte gaur egun, 31 jabetzan eta 23 zaintza-hitzarmenen bitartez.
Eta, besteak beste, landaketei begiratuta, bost urtean 7.100 zuhaitz sartu dituzte, 20 espezietakoak. Kopuruaz harago, modu positiboan baloratu zuten espezie aniztasuna, izan ere, basoan berez etortzen direnak bai, baina berez etortzen ez diren espezieak ere landatu dituzte, makatzak, sagar-minak…
2026ari dagokionez, berriz, orain artekoei eusteko asmoa partekatu zuten: landaketak, Zuhaitz Eguna (otsailaren 28an egingo da), eskolakoekin ezkur biltzea, zuhaixken mintegia…
Azkenik, zuzendaritzako kideek bere horretan segitzeko asmoa partekatu zuten, sei urtean lehen lerroan eta elkartetik tiraka ibili diren arren; esan zuten “ondo” daudela lantalde moduan eta ez dutela aldatzeko planteamendurik egingo. Hori bai, laguntzaileren bat gehiago animatuko balitz, gogo onez hartuko dutela ere eman zuten aditzera.
Bukatzeko, besteak beste, bazkideei zein diruz laguntasuna ematen duten erakundeei eskerrak helarazi zizkieten: Soraluzeko Udalari, Soraluce Kooperatibari, Kutxari eta Gaztelupeko Hotsak-i, besteak beste.