Atzo, eguaztena, Gabonetako oporren osteko lehen ekimena egin zuten jendartEKIN proiektuaren baitan: Soraluzeko hiribildu historikoa izeneko ibilaldi gidatua.
Kalebarren 8ko lokalean elkartu ziren ekitaldirako izena eman zuten 20 bat lagun, eta, kalean beste hainbat ere batu zitzaizkien. Hiribilduko mugak, eraikinak eta historia azaldu zien Javi Elortza historialari soraluzetarrak, besteak beste.
Luxuzko gidaria
Ibilaldia hasi aurretik, Soraluzeko ekitaldira bertaratu zen Pello Arrieta Elgoibarko historialariak Javi Elortza gidaria aurkeztu zuen, laudorio handiekin. Kontatu zuen Oñatiko protokolo artxiboan ezagutu zutela elkar eta nabarmendu zuen Elortza etengabe dagoela lanean, ordu piloa sartzen dituela historiako lanetan eta esan beharrik ez dagoela Elortzak duen maila altua, besteak beste, lehen eskuko dokumentazioa erabiltzen duelako bere lanetarako, berak zuzenean ikertutakoa.

Aurkezpenak eginda, kalera irten eta Kalegoengo Ormaetxea etxeari buruzkoak azaltzen hasi zen Soraluzeko historialaria eta poliki-poliki, hiribildu osoa errepasatu zuten. Arregia jauregiraino egin zuten joana eta elizan bukatu zuten ibilbidea, haren altxorrak ikusten.
jendartEKIN proiektuaren hurrengo hitzordua urtarrilaren 21ean izango da. Kasu horretan, teknologia berriekin egiten ari diren lanketaren baitan, Niko Morillok Google Fotos izenburuko gaia landuko du.
Izena emateko
jendartEKIN proiektuan online izena eman nahi duenak HEMEN egin dezake; edo bestela, aurrez aurre, udal bulegoetan astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.
jendartEKIN, 55 urtetik gorako pertsonek esperientziak trukatu eta ezagutza berriak eskuratzeko proiektua da eta ikasturte osorako ekitaldi-egutegi mardula du prestatuta.