Iazko jardunaren balorazio positiboarekin egingo dute urteko lehen odol ateratzea

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 16a

Neska gazteak iraileko odol ateratzean.

Gaur zortzi, urtarrilaren 23an, egingo du Soraluzeko Odol Emaileen Elkarteak 2026ko lehen odol ateratzea. Txandak har daitezke datorren asteko eguaztenean eta eguenean Gotatanta.eus webgunean, eta bariku goizean telefonoz, 943 00 78 85 zenbakian. Halaber, Soraluzeko taldeak laster partituko ditu 2026ko odol ateratzeen txarteltxoak, eta, herriko punturik jendetsuenetan lagako ditu, jendeak har ditzan. Bestalde, 2025eko jardunari buruzko balorazio positiboa egin du.

Soraluzeko Odol Emaileen Elkarteak jarri ditu kalean kartelak urteko lehen odol ateratzearen berri emateko. Halaber, laster jasoko dituzte 2026 osoko odol ateratzeen egutegiak, eta herriko puntu erabilienetan lagako dituzte, herritarrek har ditzaten: anbulatorioan, Iratxon, Edurtzan, Bolian, loteria-saltokian, bi botiketan, udaletxean, kiroldegian, Udaltzaingoan...

Odol erreserbei dagokienez, berriz, Euskadiko Odol Emaileen Elkartetik jakinarazi dute odol-erreserba gehienek oso maila baxuak dituztela. O+, O-, A+, A-, B- eta AB- motatako odolen premia berezia dago eta lehenbailehen emateko eskatu dute. B+ eta AB+ motatakoek, berriz, hurrengo odol-biketara itxaron dezakete.

Ia 50 poltsa gehiago

Gogotsu abiatuko du urtea Soraluzeko Odol Emaileen Elkarteak, iaz lortutako –eta lehenago ere bai– datu positiboen bultzadarekin eta datu on horiei eusteko helburuarekin. Izan ere, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Soraluzekoari ezarritako urteko erronka gainditu egin dute. 

Hain zuzen, batez beste, Soraluzen ateratze bakoitzean 30 poltsa lortzea jotzen du baleko odol bankuak, urtean 180 inguru poltsa eta, 2025ean Soraluzeko elkartean 229 odol poltsa entregatu zituzten; ia 50 odol poltsa gehiago. 

2026rako 200 poltsa da erronka

Horrez aparte, 2025ean hamaika odol emaile berri izan ziren eta 2024an, berriz, 25 berri, eta emaile berrien datu horri berebiziko garrantzia ematen dio elkarteak, emaile berriengan baitago odol ateratzeen ondorengotza. Hori bai, 2026rako 200 odol poltsa lortzeko erronka jarri du orain Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak.

Laguntza handiagoa behar

Bestalde, eskaera batekin abiatuko du 2026. urtea elkarteak: jasotzen duen dirulaguntza handitzea. 

Esplikatu dutenez, azken 10 urteotan kopuru bera jasotzen ari dira Soraluzeko Udalarengandik: 900 euro. Aldiz, gastuek, urtero igotzeaz aparte, gainditu egiten dute kopuru hori. Zehazki, 2025ean 1.451 euroko gastua izan zuten, eta, aurrekontuaren arabera, 551 euroko defizita izan zuen elkarteak.

Hain zuzen, odol ateratzeetan gastatzen da kopururik handiena –852 euro–, baina ateratzeen berri emateko publizitatera –egutegiak, lonetak, kartelak...– bideratzen den dirua ere handitu egin da urteetan, ikusi baitute lan horri esker lortu direla, besteak beste, Soraluzeko datu onak, eta uste dute beharrezkoa dela bide beretik segitzea. 

Horrela, 2025eko zuriketa egiteaz batera, urtarrilean aurkeztu diote Udalari laguntasuna handitzeko eskaera.