Beraz, familiarengatik etorri zineten?
Ez; han bagenituen lana eta familia, baina herrialdea zeharo ezegonkorra zen, ekonomia desastre hutsa, etxean lapurreta egin ziguten… Hainbat arrazoirengatik etorri ginen: senarrak lana topatu zuen; gero, ni haurdun geratu nintzen [Ainhoa], 1993an; eta hemen geratu ginen.
Zer topatu duzue hemen bertan segitzeko?
Herri txikia da, jende guztiak ezagutzen gintuen, oso adeitsuak ziren, umeak kalean bakarrik ibil zitezkeen, eskola gertu-gertu… Dena zegoen bertan. Etorri eta segituan liluratu egin ginen hemengo bizimoduarekin.
Hala ere, Buenos Airesen jaiota, hau ez zaizue txiki geratu?
Justu horregatik gustatzen zait horrenbeste Soraluze. Ez dakizu zelako aldaketa izan zen hona etortzea! Han erabat ezezagun ginen; hemen, berriz, mundu guztiak ezagutzen gintuen, lagunak segituan egin genituen, Daniela ikastolan hasi zen… Oso ondo hartu gintuzten, eta horrek lagundu zuen oso gustura egoten hemen. Hemengo bizitza soziala gustatzen zait gehien. Hainbat kuadrilla ditut, bikoteenak, barikuetako andreenak… Eta Euskal Herritik ere den-dena gustatzen zait: hondartza, mendia, poteoaren kultura, kalera irtetea… Esan daiteke hauxe dela nire lekua. Begira, anekdota modura, gaztetan, gorroto nuen Maria Rosa nire izena, Argentinako nire lagun guztiak baitziren Claudia, Graciela, Gabriela, Mariela… Ni nintzen Maria Rosa bakarra. Aldiz, hona etorri nintzenean, hemen Rosa mordoa zeuden! Ana Rosa, Rosa Mari…
Askotan bueltatu zarete jaioterrira?
Hiru bider, 2004an, 2015ean eta 2023an, eta, joan izan garen bakoitzean, beti etxera bueltatzeko deseatzen, baita senarra ere.
Etxea zein da zuentzat?
Hau [Barre]. Gu hemengoak gara dagoeneko. 29 urterekin etorri nintzen. Nire etxea hemen dago, nire inguru osoa, lana, lagunak, alabak… Ezin gusturago nago hemen, lasai nago. Ez da gehiagorik behar; ez al da horrela?
Zeintzuk dira etxearen eta jaioterriaren arteko desberdintasunik handienak?
Paisaia zeharo desberdina da. Argentinak leku eta paisaia oso politak ditu, baina ez Buenos Airesen. Azpiegiturak –espaloiak, errepideak…– ere kaskarragoak dira hangoak; zeharo oharkabean bizi zara han, eta, batez ere, segurtasun ekonomikorik eta fisikorik eza da hango txarrena. Pentsa, han nire lobak bizikletan buelta bat eman nahi bazuen, aita atzetik joan behar zitzaion zaintzen, bestela bizikleta barik bueltatuko zen etxera, lapurtu egingo zioten eta.
Dena den, hango zertxobait igarriko duzue faltan, ala?
Lagunez eta familiaz aparte, behin bakarrik igarri nuen hura faltan; izan zen Eibarrera nindoala autobus batek huts egin eta hurrengoa ordubetera arte ez zenean etorri. Euria zen, luze egon behar izan nuen itxaroten alabarekin… Buenos Airesen, metroa dago, autobusa bost minutuan behin... Justu horregatik, han ekintza kulturaletara joatea errazagoa da: zinemara, antzerkira, jatetxeetara… Hemen, adibidez, Bilbora joateko autobusa izango bagenu sarriago, seguru gehiago joango ginatekeela. Jatorduei dagokienez, berriz, hemengoa kozinatzen ikasi dugu, baina gure lagunek ere ikasi dute hangoa jaten, barbakoak egiten ditugu… Akaso, pasta freskoa igartzen dut faltan; hemen ez dago.
Orain dela hiru urte hartu zenuten harategia Soraluzen; zer moduz?
Lan bila bueltaka ibili ondoren, lana izateko modurik onena horixe izan zen. Ausartu, eta hementxe gaude. Hori ere badu ona Euskal Herriak: zerbaitetan ahalegindu nahi izanez gero, laguntzak ematen dizkiete ekintzaileei, Gobernuak, banketxeek… Pandemia aurretik lorezain izan nintzen eta horretarako formakuntza jaso nuen; gero, pandemia etorri eta lorezaintza laga egin behar izan nuen. Ondoren irten zen Iñarra harategia hartzeko aukera; ogibide hori ere ez nekien, baina hori ere ikasteko aukera eman zidaten, eta hemen gaude, Ainhoa alaba eta biok. Pozik gaude, lantalde ona osatu dugu.
Baduzue Argentinako zerbait harategian?
Bai; haragia ebakitzeko modua desberdina da Argentinan, eta hemen erabiltzen ditugu hango ebakitzeko hainbat modu. Argentinarrak etortzen zaizkigu eskean, baita hemengoak ere, eta latinoamerikarrak ere badatoz.
Ez-jakitun euskaldunoi ze ebakitze gomendatuko zeniguke?
Entraña, vacío, asado… (erraiak, errekia, hegaleko xerrak…).
Osterantzean, jendeak zer erosten du, batik bat?
Ia beti betikoa. Gazteek bularkiak, hanburgesak eta saltxitxak, eta nagusiek gisatzekoak, okela-bolak egiteko… Nagusiek denbora gehiago eta kozinatzeko kultura handiagoa dute. Gazteek behar dituzte bizkor eta erraz egiteko gauzak. Eta pasatu berri diren Gabonetan, azpizuna, txuleta, entrekota eta bildotsa.
Iñarra harategia da zuek hartu zenutena 2022an, baina La Churrasquita izena jarri diozue…
La Churrasquita zen familiaren jatetxea [hunkitu egin da Maria Rosa hau kontatzean]; beti ibiltzen ginen La Churrasquita gora eta La Churrasquita behera, eta, kontu burokratikoetarako hemen izen baten beharra tokatu zenean, La Churrasquita SL ipini genion. Argentinan, la churrasquita-k esan nahi du neska polita, ederra. Dena den, harategi hau beti izango da Iñarra harategia.