Munduko Ipuin Ziklo Herritarraren lehen kontakizuna, dotore

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 16a

Eguaztenean, Soraluzeko Udal Liburutegiko umeen aretoa ple-ple bete zen Eid Al Fitr-eko oparia ipuina entzuteko. Soukayna Sijilmassik kontatu zuen bere jatorrizko herrialdeko Marokoko ipuin hori, euskaraz eta arabieraz. Munduko Ipuin Ziklo Herritarraren lehen kontakizuna izan zen. Hurrengo hitzordua urtarrilaren 27an izango da. André Nunes da Costa izango da orduan kontalari eta Brasilgo istorio bat partekatuko du.  

Musulmanendako Eid Al Fitr opariak egiteko sasoia da, hemen Gabonak diren moduan. Eid Al Fitr-eko oparia ipuinean, ama batek hiru ume ditu, baina opari bakarra egiteko dirua.

Pobretasun ekonomikoaren ikuspegitik triste antzean hasten den ipuina, elkar zaintzaren eta maitasunaren erakusle bilakatzen da bere kontakizunean. Eta moraleja ere badakar, horixe dela benetako aberastasuna, maitasuna, eta, ez dirua.

Berbak eta lo-kanta

Ipuin horrexekin hasi zen Munduko Ipuin Ziklo Herritarra, Soukayna Sijilmassi gaztearen eskutik. Ipuina amaitzean, arabierako hainbat berba entzun-ikasi zituzten bertaratutakoek eta umeei loak hartzen laguntzen dien kantutxo bat abestu zuten elkarrekin kontakizuna borobiltzeko.

Munduko Ipuin Ziklo Herritarraren lehen kontakizuna izan zen eguaztenekoa. Aurten, hiru halako izango dira eta hurrengo hitzordua urtarrilaren 27an izango da. André Nunes da Costa-ren eskutik, Brasilgo istorio bat entzuteko aukera izango da.

Zikloa amaitzeko, Saadia Nasirrek Pakistanera eramango ditu entzuleak.