Urtarrilaren 31n Bilbon -18:00etan- eta Iruñean -18:30ean- egingo diren manifestaziotan parte hartzeko deia egin zuen Debabarreneko GKSk atzo iluntzean, barikua, Soraluzeko Gaztetxean.
Aurkezpen ekitaldira bertaratu ziren Uxue Gisasolak eta Unai Duran kideek esplikatu zutenez, indartzen ari den faxismoari eta estatuen autoritarismoari aurre egitea urgentea da, eta “Bilbokoa eta Iruñekoa indar erakustaldia izango da, erakusteko jendea prest dagoela faxismoari aurre egiteko, beldur daitezela eta ez daitezela ausartu ezta burua ateratzera ere”.
Kapitalismoaren krisia
GKSko kideek partekatu zutenez, faxismoaren eta autoritarismoaren gorakada kapitalismoa pairatzen ari den krisiaren ondorio dira. 1970eko hamarkadatik aurrera “Ongizate Estatuaren eta bake sozialaren bidez gobernatzeko gai izan den kapitalismoa”, gaur egun krisi egoera betean dago. Orain, “ez da gobernatzeko gai langileen eskubide politikoak bermatuz”.
Kapitalismoaren krisiaren hiru erakusle nabarmendu zituzten:
Pobrezia prozesua: enpresa txiki asko ixten ari dira, hemen, industriakoak, batik bat. Askok lana galdu dute. Prezioak, berriz, soldatak baino gehiago handitzen dira eta jendearen eros-ahalmena geroago eta txikiagoa da. Gainera, kapital metaketa gertatzen ari da esku gutxi batzuetan.
Naturaren ustiaketa basatia: adibidez, orain gutxi Europar Batasunak plan bat onartu du meategiak zabaltzeko Estatu espainiarrean, baita babestutako eremuetan ere.
Gerra: oso nabaria da ia munduko txoko guztietan dagoen gerra giroa, gerra bera eta egiten ari diren eraso inperialistak: Venezuela, Afrika, Sahel, Taiwan… aipatu zituzten adibide modura. “Orain bost urte pentsaezina zen gerra aukera, orain, berriz, gerra-danborrak geroago eta gertuago daude. Alemanian eta Frantzian derrigorrezko soldadutza ezarri dute; edo begira, baita ere, Ameriketako Estatu Batuetan migranteekin egiten ari direna”, esan zuten.
Oro har, “kapitalismoa jausteko arriskua” sumatzen da eta testuinguru horretan, “kapitalismoa ari da erakusten bere benetako aurpegia, kontrol soziala handituz”, besteak beste, “gero eta kontrolatuago nahi gaituzte”, adierazi zuten. Adibidez, orain dela bost urte imajinaezina zen eskoletan kamerak egongo zirela, eta begira orain, jartzen ari dira. Kamerak eskoletan, kamerak kalean…”
Faxistak alternatiba modura
GKSko kideek ohartarazi zuten, testuinguru horretan, ideia faxistak eta erreakzionarioak indartzen ari direla. Krisi egoera baliatuta alternatiba moduan aurkezten direla faxistak, “euren burua anti-sistema moduan aurkezten” dutela, ideia erreakzionarioekin, mezu matxistekin eta arrazistekin, adibidez, gertatzen ari denaren erru guztia pertsona migranteengan jarriz, “gezurrak esan eta errealitatea exajeratuz”.
“Etorkinak egiten dituzte etxebizitza gabeziaren erantzule, eta, ez espekulazioa helburu duten 20 etxetik gorako etxe-jabeak edo putre-funtsak.
Etorkinak egiten dituzte soldata baxuen erantzule, eta, ez soldatak ezartzen dituzten enpresarioak.
Etorkinak ez dituzte ezta pertsona moduan, ezta subjektu politiko moduan ikusten”.
Atzoko aurkezpenean, halako diskurtsoak normalizatzen ari direla ohartarazi zuten, baita Euskal Herrian ere. Eta halako diskurtsoen bueltan antolakuntza handitzen ari dela ere esan zuten. Horren guztiaren arriskua azaleratu eta halakoei aurre egin beharra eta halakoei aurre egiteko antolatu beharra berretsi zuten.
"Sozialdemokraziaren porrota"
Alderdi politikoen papera ere izan zuten berbagai, adieraziz ezkerreko alderdiak (Podemos eta Sumar) ez direla kapaz izan langileen eskubideak eta ongizatea defendatzeko ezta gobernuan egon direnean ere, eta, faxistak azaltzen direla haien alternatiba modura. “Sozialdemokraziaren porrotaren eskutik doa faxismoaren gorakada”.
Halaber, uste dute alderdi politikoen helburu nagusia dela Ongizate Estatura bueltatzea dela. Zentzu horretan, uste dute gogoan izan behar dela Ongizate Estatua herri pobreekiko menderakuntzan oinarritzen dela batik bat, herri aberatsek haien lan-indar merkea erabiliz, haien aberastasunak lapurtuz.
Esplikatu zuten horrexegatik GKSk kapitalismoa bera gainditzearen alde egiten duela. Kapitalismoak krisi garaia duen bakoitzean faxismoa gailentzen baita eta horregatik beharrezko ikusten dut ere sistema kapitalista gainditzea.