Hasi dira Baltegietako lanen azken faseko obrak

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 19a

Gaur, urtarrilak 19, hasi dira Baltegietako lanen azken faseko obrak egiten, galtzada-harriak birjartzeko lanak. Hori egin ahal izateko zoruaren azken egokitzapenak egin dituzte, eta, langileek esan dutenez, garajeen aldetik hasiko dira galtzada-harriak jartzen, esparru hura ahalik eta lasterren libratzeko.

 

Gaur lanak hasita, Udalak jakinarazi du ezingo dela Baltegieta 18ko eta 24ko garaje pribaturik erabili hilabete inguruz. Dena den, azken fasean, garaje pribatuen aurreko kale zatiak lehentasuna izango du eta bertan hasiko dira galtzada-harria jartzen, pasabidea ahalik eta lasterren libratzeko.

Era berean, lanok eragiten ari diren eragozpenen jakitun, SAPAko aterpea aparkaleku gisa egokitu da eta erabilgarri egongo da lanak amaitu bitartean.

Horretaz gain, Gabolatseko zubia ere ibilgailuentzako itxita dago gaurtik, ez, ordea, oinezkoendako. Halaber, lanek iraun bitartean, SAPAko aterpetik igarobidea izango dute oinezkoek.