Zortzi urte borrokan

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 20a

Pentsioen aldeko atzoko elkarretaratzea ezohikoa izan zen, aldarrikapena eta ospakizuna, biak uztartu baitzituzten. Aldarrikapenari dagokionez, “helburu ukiezina” izaten segitzen dutela azpimarratu zuten, gutxieneko pentsio duinak lortzea. Ospakizunari dagokionez, berriz, zortzi urte bete dira pentsioen aldeko borrokan eta urteurren hori zein bidean izandako lorpenak pintxo-potea eginez ospatu zuten Plaza Barrixan bertan.

2018a zen. Urte hartan, pentsioak %0,25 igotzea planteatu zuten agintariek. Lehenago, 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformek pentsioen murrizketak eta kasu batzuetan izoztea ekarri zuten. Egoera horretan hasi ziren pentsio publiko duinen aldeko mobilizazioak.

Zortzi urte geroago, tinko eusten diote borrokari. Eta zortzi urteotako lorpenek hauspotu egiten dute pentsioen aldeko borrokaldiarekin segitzea, eta ezinbesteko ikusten dute bide horretan segitzea, atzo azpimarratu zuten moduan, “pentsioak murrizten ari dira, erretiro-adina handitzen, eta gutxieneko pentsioak miserableak dira oraindik”.

936 euroko pentsioa

Datuak ere eman zituzten: “Gaur egun, Nafarroako Foru Erkidegoko (NFE) pentsiodunen %37,8k eta EAEko %31,9k LGS lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherako pentsioak dituzte. Horietatik emakumeak dira %65,5 Nafarroan eta %66,7 EAEn. 2026rako igoerarekin, erretiro- eta alargun-pentsioa 936 eurokoa da 14 ordainsaritan, eta kotizazio gabekoak, 621 eurokoa; 220.000 pentsiodunek gero eta zailtasun handiagoak dituzte bizi-baldintza duinak lortzeko, eta datu horiek gezurtatu egiten dituzte pentsioak nahikoa direla dioten diskurtso interesatuak. Egungo KPIak ere ez du islatzen pentsiodun askorentzat bizitzaren kostuaren igoera”.

HELa eztabadaiatu ere ez

Halaber, gogora ekarri zuten EAEko Legebiltzarrean eztabaidatu ere ez zutela egin gutxieneko pentsioen aldeko Herri Ekimen Legegilea, 145.142 herritarren sinadurekin aurkeztu arren -Soraluzen 450 sinadura-.

Aldarrikapenok eginda, Plaza Barrixan bertan egokitutako pintxo-potea eginez borobildu zuten elkarretaratzea.