Porrotx eta Marimototsen 'Amazonia gara' ikuskizunerako sarrera guztiak agortuta

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 20a

Marimotots eta Porrotx arbola gainean. Argazkia: Katxiporreta.

Atzo, astelehena, agortu ziren Porrotx eta Marimototsen Amazonia gara ikuskizunerako sarrerak. 184 sarrera zeuden guztira, antzokiaren aforoaren bestekoak; 159 Udal Liburutegian saldu zituzten aurrez aurre joan den astean. Atzo, berriz, azken 25 sarrerak online saltzen jarri eta atzo bertan agortu ziren. Ikuskizuna barikuan, urtarrilaren 23an izango da.

Joan den astean segituan antzeman zen Porrotx eta Marimototsen Amazonia gara ikuskizunerako interes handia zegoela.

Astelehenean jarri zituzten sarrerak salgai, Udal Liburutegian, aurrez aurre erosteko. Soraluzen zein inguruko herrietan interes handia duen ikuskizuna izaki, modu horretara, Udalak lehentasuna eman nahi izan zien herritarrei sarrera eskuratzeko orduan. Eta 159 sarrera saldu zituzten bertan.

Atzo, berriz, gainerako 25 sarrerak online bidez eskuratzeko aukera eman zen eta atzo bertan saldu ziren sarrera guztiak.

Hortaz, beteta egongo da barikuan Herri Antzokia. 17:00etan hasiko da Amazonia gara ikuskizuna eta 60 bat minutu iraungo ditu.