Aroztegi zaharraren teilatua botatzen dihardute

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 21a

Teilatupeko amiantoa kenduta dutela, Plaza Zaharreko aroztegi zaharraren teilatua botatzen segitzen dute gaur, eguaztena. Aurreko aldeko teilatu erdia baino gehiago bota dute, eta, etxearen aurreko aldeko baranda ere kendu dute egunotan.

Astelehenean hasita, aurrera doaz aroztegi zaharra eraisteko lanak. Teilatuaren aurreko aldean dihardute lanean gaur, eta, erdia baino gehiago bota dute dagoeneko. Egunotan, berriz, teilatuan jarduteaz aparte, etxe txikia inguratzen zuen baranda osoa ere kendu dute.

Oraindik etxearen zatitxo bat bakarrik bota duten arren, dagoeneko inguruan argitasun handiagoa sumatzen da, bota eta kendu dituzten elementuek lagatako hutsunearengatik. Hain zuzen, horixe da gero etorriko den ikuspegiaren lehen zantzua, gero, kiroldegirainoko bista libre-libre geratuko baita.

Zestoako Lurkide hondalanak enpresa arduratuko da lanez, eta aurreikuspenen arabera, bost hilabete inguruko iraupena izango dute. Aurrekontuari dagokionez, 355.717,79€ gehi BEZ izan da.