Argazkiak edo bideoak biltzeko, antolatzeko eta partekatzeko Google-k duen Google Fotos zerbitzuari buruzko argibideak eman dizkie gaur goizean Niko Morillo adituak jendartEKIN proiektuan parte hartzen diharduten kideei.
KLB8ko beheko solairuko areto nagusia bete dute, eta, bi ordu inguruan ibili dira ikasten, zalantzak argitzen eta praktikatzen. Hurrengo baterako hitzordua ere egin dute, oraingo honetan, Google Drive zerbitzua lantzeko.
Teknologia berriei buruz egiten ari diren lanketa horretan, dagoeneko gai mordoxka bat landu dituzte: Gmail-en erabilera, Adimen Artifiziala, Google Fotos, Interneteko Nabigazioa, Artxiboetan lan egitea eta Teknologiaren Erabilera Egunerokoan.
Modu kolaboratiboan
Gai horiek guztiak Niko Morillok gidatuta izan dira aztergai, baina bestelakoak ere landu dituzte. Morillok esplikatu duenez, denen artean adosten dute zer landu, eta, eguaztenero elkartzen dira. “Hitzaldirik izan ez arren, eguaztenero elkartu eta modu kolaboratiboan bestelako gaiak ere lantzen ditugu. Bakoitzak gai bat prestatu eta denon artean lantzen ditugu”.