Gaur eta bihar, greba egoitzan

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 22a

Greba iragartzen duen pankarta, Soraluzeko egoitzaren beheko parkean, Atxurikoan.

Gaur, urtarrilak 22 hasi eta bihar, greba egingo dute Mesedeetako egoitzan, ELA sindikatuak deituta. Gipuzkoako bestelako hainbat egoitzarekin batera egingo dute protesta, egoitzen hitzarmena berritu dezaten eskatuz. Greba egiteaz aparte, mobilizazioak ere iragarri dituzte. Esaterako, bihar, Donostian egin dute hitzordua eta hara joango dira baita Soraluzetik ere.

ELA sindikatuak salatu duenez, “aurrerapausorik gabe jarraitzen du Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroen sektoreko hitzarmen berri baterako negoziazioak. Urtebete igaro da eratu zenetik, eta patronalek (Matia, Adegi eta Lares) ez dute aurkeztu sektoreak bizi duen prekaritatea eta soldata-arrakala ezabatzeko proposamenik”.

5.000 langile inguru

Oro har, 5.000 langile inguru dituen sektorean lan baldintzak hobetzea eskatzen dute, zehazki, “soldata-arrakalarekin amaitzea eta % 100eko lan jardunaldiak izatea”. ELAren esanetan, “langileen ia erdiek kontratu partzialak dituzte eta 10.000 eurotik gorako soldata-arrakala jasaten dute urtean, gehienak azpikontratatutako emakumeak diren sektorean.”

ELAk gogora ekarri duenez, testuinguru horretan, grebak hasi zituen maiatzean. Greba mugagabeak egiten ari dira azarotik Gipuzkoako sei egoitza handitan eta greba egun puntualak, berriz, egoitza txikiagoetan, tartean, Soraluzekoan.