Oreka Art galeriaren etorkizuna bermatzeko proiektua lantzen ari dira

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 24a

Alberto Ramirez bere bildumako margolanekin.

Oreka Art galeriaren orain arteko ibilbidearen azken urtea izango da aurtengoa, ibilbide berri bati ekin aurrekoa. Soraluzeko arte galeriaren sortzaile, bultzatzaile eta kudeatzaile Alberto Ramirezek esplikatu duenez, 2026a bukatu arteko programazioa itxita dauka.

"Aurten, arte egiptoarraren erakusketa bat egingo dut; Euskadin halako bi daude bakarrik. Azaroan, berriz, Picassoren obren erakusketa, tartean, hark sinatutako obrekin, eta asmoa da urtea Tapiesen erakusketa batekin ixtea; haren hamahiru grabatuz osatutako karpeta bikainarekin. Amaiera hori emanda, galeriako nire orain arteko ibilbidea amaitutzat eman eta, etorkizunean, autoritateek nahi dutenaren araberako jarduera izango du galeriak". 

Erakundeen esku

Izan ere, Ramirezek gertu du erretiroa, baina, atseden hartzen hasi aurretik, arte galeriaren etorkizuneko proiektua marraztuta nahiko luke laga. 

Ildo horretan, proposamen zuzena egin dio, zehazki, Soraluzeko Udalari: Oreka Art kudeatzeko fundazio edo patronatu bat eratu dezatela, etorkizunean haren bitartez erakusketak antolatzen segitzeko eta erakusketak jendaurrera zabaltzen segitzeko. 

Ramirezek gaineratu duenez, konpromiso hori ipar, hurrengo erakusketaren inaugurazioan –Amalgama Grafica Internacional XI izenekoa–, hango bi obra emango dizkio Udalari, eta, aurrerago, bere bilduma partikularretik beste 150 obrako donazioa egingo du, tartean, galerian egon diren artisten lanak, "haiek gordetzeko, erakusteko eta ikertzeko espazio bat sortzeko konpromisoarekin". 

140 erakusketa inguru

Ramirezek azpimarratu du Soraluzeko galeria dagoeneko erreferente bat dela artearen munduan, prestigio handia duela, eta, haren eskutik bide oparoa egin ondoren, ez litzatekeela ixten laga behar. "2009an galerista moduan hasi nintzenetik, ez naiz geratu ere egin erakusketak antolatzen, doan, eta erakusketak zaintzen ere neu nabil, egunero-egunero, nire laneko ordutegia bete ondoren".

Kopurutan, kontatu duenez, "Oreka Art galeriaren oraingo egoitzan 80 erakusketatik gora" egin ditu. "Lehenagoko aretoan, eta, Ermuko Lobianon egindako erakusketak kontuan hartuta, 140 bat erakusketa antolatu ditut. Horri gehitu behar zaio hemen dagoen funts artistikoa. Bene-benetan da ikaragarria. Galeriatik pasatu diren artista guztien eta pasatu ez diren beste hainbaten obrak daude funts horretan. Pentsa, 15 urte nituenetik ari naiz arte bilduma egiten. Aurten, inbentarioa egingo dut, eta, hain justu, bilduma horretatik emango ditut donazioan 100 artelan".   

Erakutsi egin behar da

Baina halako donazio bat kudeatu egin behar dela argi dio Ramirezek; haren ustez, artea, bai edo bai, erakutsi egin behar da. "Artelanak ezin dira biltegi batean gordeta egon; ez badira erakusten, artelanak ez dira existitzen, eta Soraluzen sortuta dago espazio bat horretarako, eta espazio horrek, Oreka Art galeriak, dagoeneko egin du ibilbide esanguratsu bat. Ikusleei dagokienez, kanpotik herritik baino jende gehiago etortzen da galeria bisitatzera, eta neu beti ahalegindu izan naiz maila handiko erakusketak antolatzen". 

Lokala propio egokituta

Halaber, galeriari dagokionez, gogora ekarri du horretarako propio egokitu zuela lokala, galeria izan zedin, obra handia eginez, 2021eko martxoan zabaldu baino lehen. "Ate blindatuak ditu, beirate erraldoiak eta trenbidearen altzairuzko habeak ditu eustorma moduan. Berez, bi lokal ziren eta guztia eraldatu nuen", esplikatu du. 

Bost urte

2021eko martxoan zabaldu zuen Oreka Art Galeria Alberto Ramirezek. Lehenago ere izan zuen Soraluzen arte galeria, hura ere Oreka Art izenarekin. 2009an zabaldu eta 2011n itxi egin behar izan zuen, krisi ekonomikoaren ondotik. Baina haren pasioan tematu, eta, "Robin Hooden moduan" erabaki zuen berriro ere zabaltzea arte galeria Soraluzen; oraingoan, lokal propioarekin.