Kristobal Kolon, plazentziatarra? Paco Vargasen teoria dokumentatuak dio baietz

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko urtarrilaren 25a

Jesus Galarraga eta Ana Eizmendi ikerlana eskutan.

Mendeetan zehar, Kristobal Kolonen jatorria munduko enigma historiko handienetako bat izan da. Genovakoa zela dioen bertsio ofizialaren aurrean, hamaika teoria sortu dira, eta horietako bat da Francisco Melendez Polok, Paco Vargas izengoitiz ezagunagoa zenak, Colón Vizcaíno de Paco Vargas liburuan planteatu zuena; alegia, Kolon soraluzetarra zela. Jesus Galarraga Malmero-k (Soraluze, 1959), Ana Eizmendi Lazcanok (Zarautz, 1955) lagunduta, sakon aztertu du Vargasen liburua eta ondorioak argitaratu ditu Anexos al Colón Vizcaíno liburu digitalean. 

1936ko uztailaren 11n, Espainian gerra piztu baino hiru egun lehenago, Paco Vargas historiagileak Colón Vizcaíno izeneko liburua inprimarazi zuen Salamancan; 330 orrialdeko liburu mardula. Bertan, defendatu zuen Kristobal Kolon jatorriz Soraluzekoa zela; zehazki, Salonazpi baserrikoa, eta haren benetako izena Cristobal Maistegui Larriategui Salogoen Lascurain zela. Teoria hura defendatzeko hainbat datu eta argudio eman zituen; tartean, 137 hitz edo toponimo, Kolonen egunkarietan aurkitu zituenak eta Vargasen ustez euskal jatorrikoak zirenak. Adibidez: Amona –uharte baten izena–, Buruqueya –sumendi batena– eta Veragoas –beherago urak zituen leku bati erreferentzia egiten ziona–. Bestetik, Vargasek planteatu zuen Kolonen aita Domingo Maistegui izan zela, leinuen gerrako buruzagia eta Elorrion hil zutena. Vargasen arabera, Cristobalen amak, Juana Larreateguik, errepresalien beldurrez, bere jatorria ezkutatzeko eskatu zion semeari. Horren harira, Vargasek aipatzen du bi mende geroago euren burua Kolonen oinordeko gisa aurkeztu zuten Veraguako dukeen auzia, zeinetan argudiatu zuten lotura zutela Elorrioko Larreategui familiarekin –jatorriz Soraluzekoak–, frogatzeko odol garbia eta euren hidalgo izaera.  

Egiazko iturriak

Galarragak azaldu duenez, egin duten ikerketaren helburu nagusia ez da izan Vargasen teoria baieztatzea, baizik eta jakitea liburuan aipatzen dituen iturriak egiazkoak ziren edo ez. 

Historialariak egiaztatu dituen datuen artean dago Vargasek liburuan aipatzen duen Elorrioko bitore edo goraipamen idatzia, zeinetan jartzen zuen Diego Colon de Larreategui. Vargasek gaztetan ezagutu zuen hori, eta inskripzio hori Kolonen jatorri gipuzkoarraren frogatzat hartzen du. Bada, Galarragak eta Eizmendik egiaztatu dutenez, Elorrioko Zearsolo jauregiaren atzealdeko horman izen horixe dago idatzita 1675etik. Vargasek liburuan aipatzen duen eta ikerlariek egiaztatu duten beste datua Veraguako dukeen ingurukoa da. Paco Vargasek dio euren burua Kolonen oinordeko gisa aurkeztu zuten Veraguako dukeek Larreategui abizena zutela, jatorriz Soraluzekoa dena. Ikerlariak baieztatu duenez, 1787an, Mariano Colon Larreategui izeneko gizon batek auzia irabazi zuen duke izateko, eta frogatu zuen Kolonen ondorengo legitimoa zela, eta gaur egun ere Larreategui abizena Veraguako dukeen abizenen artean ageri da (Ikus Wikipedian). Bestetik, Vargasek liburuan kontatu zuen Cristobal 14 urterekin Getarian ontziratu zela, Algarbes izeneko itsasontzi portugaldar batean, eta, Galarragak eta Eizmendik egiaztatu dutenez, XV. mendean Portugalgo itsasontziak ohikoak ziren Getarian, harreman komertzialak zirela eta.

Datu horien eta beste dozenaka daturen jatorria aztertu ostean, ikerlariek atera duten ondorioa argia da: "Colón Vizcaíno liburuan aipatzen diren datuen iturriak existitzen dira, benetakoak dira".  

Teoriaren egiazkotasunaz

Vargasen teoriaren egiazkotasunaz galdetuta, Jesus Galarragak eta Ana Eizmendik diote konklusio hori irakurle bakoitzak atera behar duela, baina teoria horrek merezi duela "gutxienez gainerako beste edozein teoriari aitortzen zaion besteko sinesgarritasuna eta errespetua". "Vargasek ez zuen teoria hau sozietateko afari baten ondoren asmatu; sekulako dokumentazio lana egin zuen gaur egun ohikoak baina garai hartan oso ezohikoak ziren ikerketa-metodoak erabilita. Kontsultatu zituen Bartolome de las Casasen, Fernando Colonen eta halako pertsonen jatorrizko dokumentuak, eta aurkitu zituen datu guztiak zehaztasun handiz jaso zituen liburuan". Galarragaren eta Eizmendiren ustez, "miresgarria eta harrigarria da gizon hark egin zuen ikerketa lana. Orain, gainera, badakigu erabili zituen iturriak benetakoak direla, ez zuela ezer asmatu". Historialarien esanetan, Paco Vargas, "aristokrata eta abertzale sutsua izateaz gain, eruditua" izan zen, eta hala baieztatzen dute bere garaian lagun izan zituen hainbat pertsona ezagunen idatziek ere; esaterako, Aitzol apaiz euskaltzalearenak. 

Galarragak bota du sententzia: "Guretzat garrantzitsuena ez da Kolon nongoa zen, baizik eta Paco Vargasek Soraluzeri zion maitasunagatik egin zuen lana. Ziur nago liburua beste garai batean argitaratu izan balitz oihartzun handiagoa izango zukeela, baina gerrak liburua ahanzturara kondenatu zuen". 

Nor zen Paco Vargas?

Ikerketari esker jakin dutenez, Francisco Melendez y Polo Paco Vargas Palentzian jaio zen, 1864an, eta 3 urterekin Soraluzera joan zen bizitzera, haren aita Euscalduna arma-fabrika zaharreko zuzendari izendatu zutenean. Haurtzaroa Soraluzen igaro zuen eta euskaldundu egin zen. Ondoren, Vigora ezkondu zen eta han trenetako auditore lan egin zuen, eta hantxe, Galizian, ondu zuen Colón Vizcaíno liburua. Urte luzez Galizian bizi izan zen arren, bere burua beti Hidalgo de Soraluce gisa aurkeztu zuen, eta 1939an, hil ostean, izengoiti hori jarri zioten argitaratu zioten eskelan.