Txapeldunen Liga hasiera bikaina

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 26a

Indartsu eta gustura hasi du Sorako Erregional Mailako taldeak Txapeldunen Ligako fasea. Atzo, domeka, jokatu zuen lehen partidua, Donostiako Arrupe Chaminade taldearen kontra. Ezoziko futbol zelaian zuten hitzordua eta eguraldi makurrari aurre eginez bertaratu ziren ikusleek majo gozatu zuten etxeko taldearekin, bost gol sartu zizkieten-eta donostiarrei. Entrenatzailea bera ere pozik laga zuten jokalariek, “golik jaso gabe eta jokoarekin disfrutatzen”, eta hori, Sorak kontrako penaltia ere jaso zuela, nahiz eta Arrupek ez sareratu (falta, golak eta penaltia bideoan).

Atzo, domeka, goiz etorri zen Sorako mutilen lehen gola. Partiduaren 2. minutuan, albo sake baten errematearen borrokan, Soraren aldeko falta arriskutsua seinalatu zuen epaileak Arruperen area barruan. Urko Iriondok egin zuen jaurtiketa eta Arrupekoen atepea jokalariz babestuta zegoen arren, Iriondok baloia sareratzea lortu zuen guztien bitartetik eta gainetik.

Hortik minutu gutxira etorri zen Sorakoen bigarren gola, 12.minutuan, Aiert Losadaren eskutik. Ezustean etorri zitzaion baloia hankara area txikian zela; berehala erreakzionatu eta tiro zuzen eta gogorra eginez hark ere sareratu egin zuen. Aitor Estevezen gola izan zen hirugarrena, atsedenera erretiratu aurretik asmatu zuen hark.

Penaltian kale

Atsedenaren ondoren, 3-0ko abantailarekin zelairatu arren, partiduaren bigarren zatian ere gehiagoren gosez zelairatu zen etxeko taldea, erasoan segituz. Are gehiago, kontrako penaltia ere seinalatu zioten Sorari, baina Arrupeko jokalariak atearen gainetik errematatu zuen. Hortik eta partidua bukatu arte, gainera, etxekoen beste bi gol etorri ziren, Danel Soutullo Gonzalez oparoaren eskutik.

Eta hartara, bost gol eginda eta lehen partidua irabazita, pozik etxeratu ziren guztiak. Iokin Arrillaga entrenatzailearen esanetan, txapeldunen fasean “hasiera bikaina” izan dute. “Gainera golik jaso gabe eta jokoarekin disfrutatzen”.

Hurrengoa Bergaran

Hori bai, Arrillagak bere estiloari eutsita, ez du erlaxatzeko batere asmorik; gaineratu duenez, ezin dira “egindakoarekin geratu eta lanean jarraitu behar dugu helburua lortzeko”.

Hurrengo hitzordua, datorren asteburukoa Antzuolaren kontra dute, baina haiek zelaia obretan dutenez, Bergaran jokatuko dute. Arrillagak dioenez, “partidu guztiak irabazteko moduan prestatzen” dituzten arren, “argi dago fase honetan etxetik kanpo inportanteena ez galtzea” dela.