17:00ak puntuan zirenerako, bete-beteta zegoen Udal Liburutegiko Haur Txokoa. Atzoko ipuin kontaketan, umeekin eta gurasoekin batera, zenbait pertsona nagusi ere bertaratu ziren hura entzutera.

Kontakizunarekin hasi aurretik, jaioterria duen Azoreak irlei buruzko argibide batzuk eman zizkien Andre Nunes da Costak, non dauden, zenbat diren, esan zien gauza politak daudela ikusteko eta baita gozo jaten dela ere. Portugeseko berba batzuk ere partekatu zituen guztiekin eta umeek gustura errepikatu zituzten.
Segidan, Caipora ipuina eskuetan hartu eta hura irakurri zuen, munduko oihanik handiena den Amazonian bizi den Caipora neska indigena protagonista duena. Basurdea du lagun-min Caiporak, eta oro har, animalia guztiak adiskide. Ipuinean, ehiztari batek untxi bat harrapatzen du, eta hura salbatzea lortzen dute bi lagunek, gero animalia guztiekin batera festa egiten dutela.
Amaieran, umeek txalo zaparradarekin eskertu zioten kontalariari ipuina.
Munduko Ipuinen Ziklo Herritarraren azken hitzordua otsailaren 10ean izango da, Saadia Nasir pakistandarraren eskutik. Hark urduz eta euskaraz kontatuko du ipuina.