Bihar jarraituko dute Baltegietako obrarekin

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 28a

Gaur, eguaztena, etena izan dute Baltegietako obretan, obrak egiten diharduen Echaide enpresatik azaldu dutenez, langileetako bik ezin zutelako etorri. Baina, gaineratu dute bihar bertaratzea posible izango dutela eta horrenbestez, bihar segituko dutela galtzada-harriak jartzen. Gogoan izan, bien bitartean, Gabolatseko zubia eta Baltegietako garajeetarako sarbidea itxita izango direla.

Hain zuzen, Baltegietako garajeetako hainbat jabe ez daude oso pozik egoerarekin. Gogora ekarri dute SAPAko aterpea, berez, garajedunek erabiltzeko lagata duela Udalak, baina diote hori ez dela errespetatzen.

“Baltegietako garajeetan 90 ibilgailu pasa daude, eta SAPAn bakarrik kabitzen dira 30 pasa. Dena den, bertan aparkatu ahalko bagenu… baina hori ere ezin dugu egin, ze edozein ari da bertan aparkatzen”.  

Horren ondorioz, Baltegieta 18-24ko garajedunak euren ibilgailuak aparkatzeko leku faltan dabiltza egunotan eta inguruko aparkalekuetan ere igartzen ari da hori.