“Iraganeko politikak alde batera” utzi “benetako etorkizunari begira” jartzeko

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 1a

“Sufrimendua eragiten jarraitzen duen auziari konponbidea eman nahi bazaio, ezinbestekoa izango da lege eta politika arruntak gailentzea”. Halaxe aldarrikatu zuten barikuan, euskal presoen eskubideen aldeko hileko azken elkarretaratzean. 50 herritar inguruk hartu zuen parte.

Joan den urtarrilean Bilbon egindako manifestazio jendetsuaren balorazio positiboa egin eta han milaka herritarrek egin zuten aldarria bere eginez, “2026. urtea mugarria” izatea nahi du Sare Herritarrak, “euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzean, salbuespenarekin amaitzeko urratsak ematen jarraitu eta konponbide integral baterantz gehiago hurbiltzeko”.

Bide horretan, “benetako etorkizunari begira jarri” eta ezinbesteko ikusten du “iraganeko” lege eta salbuespen politikak alboratu eta “lege eta politika arruntak gailentzea”.

"Aurreikuspen guztiak gainditu" 

Gogora ekarri dute urtarrilaren 10ean, Bilbon egindako manifestazioak, “azken urteetan, Euskal Herrian jende gehien mobilizatu izan duen mobilizazioak aurreikuspen guztiak gainditu” zituela. Han, “euskal gizartearen gehiengoa ordezkatzen duten alderdi, sindikatu eta eragileekin batera, gizarte zabalaren zati oso garrantzitsua” elkartu zela “iraganari ateak itxi eta etorkizunari ateak irekitzeko eskaera lau haizetara zabaldu asmoz”, eta, uste dute, konponbidea ezin dela gehiago luzatu.