Atzotik otsailaren 13ra arte, Soraluzen Euskal Aratozteak ospatuko diren egunera arte izango da ikusgai Euskal Aratosteak ezagutzen erakusketa. Herritarrentzat ohiko ordutegia izango du, astelehenetik barikura, 18:30etik 20:00ak bitartean eta zapatuan 12:00etatik 13:00ak bitartean. Horrez aparte, Plaentxi Eskolako ikasleak propio bertaratuko dira erakusketa ikustera eskola orduetan, aste honetan bertan hasita.
Bideoak, marrazkiak eta beste
Erakusketak lau atal ditu. Batetik, bideoz ikus daiteke Ituren-Zubieta-Aurtitzeko Euskal Inauterien hainbat pasarte. Tartean, aurten bertan, joan den astean egindako ospakizunetako irudiak ere bai. Horrekin batera, 1970eko hamarkadako bideo bat ere badago, Frankismoan, aratusteak debekatuta zeuden sasoian, Neguko besta izenarekin ospatutako inauteriak erakusten dituena.
Bestetik, panel bitartez, dago jasota Euskal Inauterien jatorriaren gaineko historia, eta inauterietan errepikatzen diren hainbat ezaugarriren gaineko azalpena: maskara janztea, garbiketa nagusia, dantzatzea...
Daude jasota ere, Soraluzen Euskal Aratosteak egin aurretik Soraluzeko Ametsa ikastolaren eskutik herrian egiten zen aratusteen ospakizunaren berri -Aratuste martitzeneko azken kalejira 1991n egin zuten-; gero, Parranda ludotekaren eskutik egiten zirena kalejirak ere ikusgai daude, eta, azkenik, Euskal Aratosteen aurrekariak, garapena eta gaur egungo ospakizunaren berri ematen da. Besteak beste, esplikatzen da zer diren gaur egun dantzatzeko erabiltzen dituzten pertsonaiak: zakuzaharrak, txatxoak...
Nafarroakoak
Eta laugarren atalean, Ituren-Zubieta-Aurtitzeko inauterietan murgiltzen da erakusketa, hango ezaugarrien, ibilbidearen, ohituren eta bestelako xehetasunen berri emanez. Aurten, joaldunek hartu dute protagonismoa, eta batik bat, haiei buruzko informazioa dago jasota. Esaterako, aurtengo inauteetan Iturengo joaldun batek erabilitako jantzi osoa dago ikusgai.
Maite Quintanilla Kultura zinegotziak esplikatutakoaren arabera, Udalaren helburua da urtetik urtera pertsonaia guztiak ekartzen joatea, benetako jantziekin eta abarrekin, haien berri pedagokoki ere lantzeko, bereziki, eskolako ikasleei begira.
Azken horrekin lotuta, joaldunekin, aurtengo aratusteetako tailerretan landutako inauterietako joaldunen bi marrazki daude paretean ikusgai, ludotekan zein gaztelekuan landu dituztenak. Marrazkien bitartez umeek eta gazteek azaldu dizute jantzi horien osagaiak zeintzuk diren: tunturroa, isipua, joareak...
Erakusketa osoa euskaraz dago, baina QR kodeak baliatuta, erderaz ere irakur daiteke bertan azaltzen dena. Horrez aparte, egunotan, erderazko laburpenak ere eramango dituzte, eskuorri modura.