San Andresko parkea inauguratu zuten inguruan zuhaixkak landatuta

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko otsailaren 2a

Joan zen zapatuan Hezkuntza Proiektuaren baitan Udalak egindako deialdiari erantzunez, hainbat ume eta guraso batu ziren San Andresen parkea inauguratzeko ekitaldian. Ander Oñate lorezainaren gidaritzapean hainbat motatako zuhaixkak landatu zituzten eta ondoren hamaiketako egin zuten elkarrekin.   

Soraluzeko Udalak joan zen urtean hasi zuen parkea eraberritzeko prozesua eta herri familiekin hainbat saio egin ostean, Kimu Bat enpresak uda amaierarako eraiki zuen parke berria, hainbat elementu berrirekin: amaraun sarea, txori kabia, mahai birakaria eta txirrista. Azkenik, neguko landaketa sasoia baliatuz, zuhaitz handi bi eta hainbat zuhaixka txiki landatu dituzte parkearen inguruan: landare loradunak, astigar japoniarrak eta beste hainbat zuhaixka mota. 

Soraluzeko Udalak eskerrak eman nahi dizkie auzotarrei eta herriko familiei prozesuan egindako ekarpenengatik eta, bereziki, zapatuan eguraldi kaxkarrari aurre eginez San Andresen elkartu ziren ume eta gurasoei.