Mendo, Plata eta Garcia San Blas Opilen Lehiaketako irabazle

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 3a

Inoizko partaidetzarik handiena izan da gaur san Blas Opilen Lehiaketan, 17 lehiakide. Irabazleak izendatzeak zaila bazirudien ere, epaimahaiaren arabera, nahikoa garbi ikusi dute zeintzuk izan diren opilik onenak. Aurten, honakoek irabazi dute saria: Sonia Mendok, Inma Platak eta Ruben Garciak. Sariak banatuta, sanblasak partitu eta bazkari-merienda gozoa egin dute askok Plaza Barrixan.

Azken orduan, gaur bertan aurkeztu dira San Blas Opil Lehiaketarako lehiakide gehienak. 17 partaide izan dira guztira - iaz 7 lehiakide izan ziren- eta, antolatzaileek momentuan bertan ibili behar izan dute mahai eta manteltxo gehiago ipintzen opilendako.

Lan zaila eman diote epaimahaiari - Itxaropena elkarteko Lourdes Lizarralde, Jose Ayora eta Joseba Barrutia- horrenbeste opil probatu beharrarekin. Baina, dastaketa amaitzeaz bat, haiek esan dute ez dela horren zaila izan irabazleak erabakitzea. Kontatu dutenez, opiletako batzuk errezeta tradizionalarekiko desberdin egindakoak izan dira, anis gabekoak ere tarteko.

Lehenagotik saridun

Bestalde, sariak banatzerakoan nahasketatxoa izan da, eta, hasieran, okerreko irabazleak izendatu dituzte, epaimahaiaren puntuazioa beharrean, izen-emate zenbakia hartu baitute aintzat. Baina konfusioaz jabetu, zuzendu, eta, azkenean, honako hiru lagunak izendatu dituzte irabazle:

  • 1. saria: Sonia Mendo. 50 euro.
  • 2. saria: Inma Plata. 30 euro.
  • 3. saria: Ruben Garcia. 20 euro.

Sonia Mendo aurtengo irabazlea lehenago ere saridun izandakoa da. Hirugarren sari bat, bigarren sari bi eta lehen sari bat eskuratu ditu orain arte. Kontatu duenez, Mendo familiaren errezeta berezi bat erabiltzen dute sanblas opilak egiteko.