Soraluzeko sake-harria topatzeko bide horretan, gaur Faktoria irratsaioak gaiari emandako bozgorailu apartekoaz gainera, Xabier Euzkitze telebistako pilotari adituak ere erakutsi du borondatea gaia haizatzeko. Baina hori behar den moduan aprobetxatu ahal izateko, sake-harriaren argazki bat behar da.
Argazki askotan
Bila dabiltzanak seguru daude herriko argazkilariren baten edo herritarren argazkiren batean azaldu egin behar dela sake-harria, pilotarekin lotutako argazkietan ez bada, bestelakoetan. Esaterako, 50eko hamarkadako ezkontzetan, ohitura zen frontoian sake-harriaren inguruan edo gertu familia-argazkiak ateratzeko.
Bada, norbaitek argazkirik balu, Barrena Komunikazio Taldeari helarazteko dei egin dute, Ubane Madera kazetariari -699 86 87 29-.
Errebote frontoia
Sake-harriaren historiari dagokionez, honakoxea da, labur-labur:
Soraluzek, XVIII. mende bukaeratik XX. mende erdialdera arte, errebote frontoia izan zuen bote-laxoan aritzeko. Errebote-jokoa "pilotako errege jokoa" kontsideratzen zen orduan. Soraluzeko errebote frontoia Miguel Antonio Jauregik diseinatu zuen, 1788an, eta Egizabal eta Aldasoro familia indianoen diruekin finantzatu zen. Gaur egungo frontoi zaharra eta inguruko kirol-esparrua dira errebotekoaren ondorengoak; esaterako, oraindik hantxe dira errebote frontoiko harmailak.
Sake-harria edo botaharria
Soraluzeko errebote frontoiak bazuen ere bere sake-harria edo botaharria. Frontoiaren "edadea" kontuan hartuta, izan liteke Euskal Herriko zaharrenetakoa hura; Ramiro Larrañaga idazleak Soraluzeri buruzko liburu monografikoan dioen moduan, sake-harriak bi maila zituen eta bazen "kontserbatzeko modukoa bere originaltasunarengatik". Hala ere, harria desagertuta dago XX. mendearen erdialdea ezkero.
Obrak egitean desagertu
Dena dela, hainbatek akorduan dute sake-harria, eta hura bilatzeko ahalegina egiten ari dira; tartean, Agustin Txurruka, Soraluze Pilota Elkarteko ordezkari izandakoa, eta Ignacio Pintado, sake-harria ezagutu, marraztu eta ondo gogoan duena.

Federazioan, museoan…
Soraluzeko sake-harriaren historiari dagokionez, 50eko hamarkadan, Eskola Nazionalak eraikitzeko obra egin zuten frontoian, eta orduantxe desagertu zen. Ustez, obra-hondakinekin batera bota zuten harria, eta harrezkero galdutzat eman da.
Baina duela urte batzuk, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko (GEPF) presidente izandako batek Agustin Txurrukari esan zion harri hura txalet bateko lorategian zegoela. Antza, harriaren balioaren jakitun, norbaitek hura hartu, gorde eta etxeko lorategian jarri zuen, entzundakoaren arabera, Lasarten, baina hori ez dago frogatuta.
Edozein modutan, pista horri tiraka hasi eta hainbat ate jo dira Soraluzeko sake-harria lokalizatzeko: GEPF, San Telmo museoa, Jabi Elortza historialaria, Villabonako Behar Zana Pilota Elkartea –errebote jokoari buruz gehien dakien kluba–… Gainera, Lasarten dagoela pentsatuz, pilota elkartekoak galdezka ibili dira han, baina, oraingoz, ez da emaitza positiborik lortu.