Pentsiodunen mugimenduak modu positiboan baloratu du, gorabeherak gorabehera, joan den astean Espainiako Gobernuak onartutako Lege Dekretua, haren bitartez, pentsioen igoera bermatu egingo baita. Baina, horrekin batera, adierazi dute pentsioen errebalorizazioa ez dela nahikoa pentsio publiko duinak bermatzeko eta desadostasuna partekatu dute hainbat puntutan.
Batetik, “haserrea berresten” dute “UPN, PP, VOX eta JUNTS alderdiek pentsioen igoerari uko egin” ziotelako. Diote haien “aitzakiek eta prozedurek” ez dutela balio, alderdiek euren interesak jartzen dituztela “pertsonen bizi-baldintzak hobetzearen aurretik”.
Errebalorizazio automatikoa
Egoera horren aurrean, honako lau puntuak exijitzen dituzte:
- Pentsioen errebalorizazioa automatikoa izan dadila, “bizitzaren kostuaren benetako igoeraren arabera”.
- "Urte amaierako ordainsaritxoa berrezartzea" ere eskatzen dute, "pentsioen eroste-ahalmenaren urteko galera konpentsatzeko".
- Nahi dute ere gutxieneko pentsioen "hobekuntza" nabarmena, “igoera gorabehera miserableak izaten jarraitzen baitute”.
- Eta "gutxieneko pentsioa LGS lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea" eskatzen dute, "genero-arrakalaren kronifikazioa eta adineko pertsonen diru-sarreren eskasia eragozteko".
Mozal legea bi kideri
Horrez aparte, jakinarazi zuten EHPMtik protesta-gutun bat bidali zaiola Fernando Grande-Marlaska Barne Ministroari, salatzeko Mozal Legea aplikatu dutela Madrilgo bi pentsiodunen kontra, “COESPEko bi kide horiek Gizarte Segurantzaren Auditoria Legea betetzea eskatzen zutelako”.