Juntakide aldaketa eta urteko jarduna aztergai izango dituzte etziko batzar nagusian

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 10a

Juntakideak iazko Itxaropenaren batzar nagusian.

Etzi, eguena, urteko ohiko batzar nagusia egingo dute Itxaropena Erretiratuen Elkartean. Bilerarako bigarren deialdia 17:15ean da, beraz, orduantxe hasiko da. Kontu ekonomikoen eta urteko ekimenen berri emango dute, eta, besteak beste, junta aldatzeko kide berriak aukeratuko dituzte.

Bazkide guztiak daude egueneko batzarrera deituta. Izan ere, gai mardulak izango dituzte mahai gainean, elkartearen urteko jardunari dagozkionak. 

Iazko memoria eginez hasiko dute hitzordua. Elkarteak 2025ean egin dituen jarduera guztien berri emango dute, xehetasunez. 

Ondoren, kontu ekonomikoak partekatuko dituzte: batetik, 2025eko balantze ekonomikoa egingo dute, eta, bestetik, 2026rako prestatu duten aurrekontua aurkeztuko dute, bazkideen onarpena jaso dezan.

Azkenik, zuzendaritza berrituko dute: oraingo batzordeko sei lagun irten, eta beste horrenbeste kide berri izendatuko dituzte. Normalean, hori bozketa bidez egiten dute, baina iaz, ez zuten bozketa egiteko aukerarik izan, zuzendaritzako kide izateko proposamena jaso zuten askok ezezkoa eman baitzuten.