Poltsikoan beharrean, benetako aberastasuna bihotzean dagoela kontatu zuten

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 11

Atzo, martitzena, egin zen Ipuin Ziklo Herritarraren baitako azken kontaketa. Atzokoan, urduz eta euskaraz ondu zuten kontakizuna Saadia Nasirrek eta Arianne Unamunok hurrenez hurren. Itxurakeriaz, diruz aberats zela sinestarazi nahi zuen eta benetan bihotzean zuen aberastasuna partekatu zuen gizonaren istorioa kontatu zuten. Udal Liburutegiko hurrengo ipuin kontaketa otsailaren 25ean izango da; hura, 0-3 urte bitartekoendako izango da.

Atzo, benetako aberastasuna, ekonomian baino, bihotzean eta eskuzabaltasunean dagoela entzun zuten Udal Liburutegiko haur txokoan elkartu ziren umeek, Gizon Aberatsa izenburua duen ipuinaren kontakizuna baliatuta.

Amaieran, Ipuin Ziklo Herritarrean egindakoari jarraiki, kanpotik etorri eta orain Soraluzen ere baden urdu hizkuntzako oinarrizko berba batzuk erakutsi zituen Saadia Nasir pakistandarrak, eta, Pakistani gorazarre egiten dion kantu bat erakutsi eta guztiek abestu zuten elkarrekin.

Atzoko kontakizunarekin amaitu da aurtengo Ipuin Ziklo Herritarra, ez, ordea, ipuinak entzuteko aukera. Izan ere, otsailaren 25ean, 0-3 urte bitarteko umeei eta haien senideei zuzenduta, esku-jolasez, ipuinez eta kantuz osatutako saioa eskainiko du Amaia Egidazuk, A,E,I,O,U ni eta zu izenburuarekin.

Saioa doakoa da, baina plaza mugatuak direnez, aldez aurretik gonbidapenak eskuratzea komeni da. Hori Udal Liburutegian bertan zein bibe.me atari digitalean egin daiteke.