80 urtetik gorakoen bazkariko parte-hartzea modu errotatorioan egingo dute

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 13a

Atzo, eguena, Itxaropena Erretiratuen Elkartearen urteko batzar nagusian erabaki zutenez, aurrerantzean, 80 urtetik gorako bazkarietako parte-hartzea modu errotatorioan egingo dute. Arrazoia da 80 urtetik gorako 235 bazkide dituztela eta bazkarian, berriz, 80 lagunendako lekua. Hala, aukera berdintasuna bermatu eta denek joateko aukera izan dezaten, erabaki dute partaidetza errotatzen joatea. Gai horrez aparte, junta berritu zuten, eta besteak beste, kontu ekonomikoetan, esan zuten 2026rako 2.000 euro pasako defizita aurreikusten dutela.

Atzo arratsaldean, 65 bazkide bertan zeudela egin zuten Itxaropena Erretiratuen Elkarteko batzar nagusia. Prozedura burokratikoari jarraiki landu eta onartu zituzten puntuak.

Horietako bat izan zen elkarteko junta berritzea. Atzo esan zutenez, sei lagun sartuko dira aurten, seirak  boluntarioak (argazkian). Orain arteko zuzendaritzatik, berriz, iaz sartu ziren hiru lagunek segi egingo dute, beraz, osatuta geratu da elkartearen zuzendaritza, honako kideekin:

  • Begoña Elizburu
  • Jose Gustino
  • Itsaso Martin
  • Lourdes Uzin
  • Beatriz Goenaga
  • Marisa Santome
  • Alberto Arizaga
  • Lourdes Lizarralde
  • Jose Ayora

Defizita aurreikusi

Kontu ekonomikoen atalean, berriz, esan zuten 2026rako aurreikusten dituztela 26.157 euroko gastuak eta 23.484 euroko sarrerak. Gastuen igoera bizitzaren kostuaren igoerak ekarri duela esplikatu zuten, eta gaineratu zuten, sarreretan aurreikusitako dirulaguntza nagusia -Udalarena, 15.000 euro- igotzen ez bada, gastuak sarreretara doitzen ahaleginduko direla.

80 urtetik gorakoena errotatorioa

Osterantzean, zuzendaritzak bazkideendako antolatzen dituzten urteko egitasmoen berri eman zuten. Txangoak (luzeak zein egun batekoak, 8-9 inguru), gisatu lehiaketa, saskien zozketa, 100 urtekoei bisita, egun berezien ospakizunak -San Blas, Santo Tomas…- paella-jana, herriko zein herriz kanpoko hainbat batzordetan partaidetza -Nagusien Kontseilua, Agijupens…- 80 urtetik gorakoen omenaldia eta beste.

Hain justu, azken horrekin lotuta dator 2026ko berritasun nagusia. Izan ere, zuzendaritzatik proposatu zuten aurrerantzean modu errotatorioan bideratzea 80 urtetik gorakoen bazkari-omenaldirako partaidetza. Arrazoia da 80 urtetik gorako 235 bazkide dituztela elkartean, eta bazkarian, berriz, 80 lagunendako lekua. Hala, aukera berdintasuna bermatu eta denek joateko aukera izan dezaten, erabaki dute partaidetza errotatzen joatea.

Bozketan, 33 alde

Proposamenaren arabera, aurten lehentasuna izango dute bazkarira inoiz joan ez direnek; gero, aurreko urtean joan ez zirenek eta gero, gainontzeko bazkideek.

Batzarrean zeudenen artean, hainbatek galdegin zuten ea ez den posible bazkaria kiroldegian egin eta hartara, nahi duten guztien partaidetza ahalbidetzea. Zuzendaritzatik erantzun zuten, besteak beste, 80 urtetik gorakoen bazkide guztiei bazkaria emateak suposatuko lukeela 6.000 euroko aurrekontua, Udalak ematen duen dirulaguntzaren ia erdia. Eta horrek beste jarduera batzuk ez egitea ekarriko lukeela. Halaber, galdegin zuten ere ea bazkaltiar bakoitza prest legokeen bazkariaren %50 bere poltsikotik ordaintzeko.

Azkenean, proposamenak bozketa bidez erabaki zituzten. Zuzendaritzaren proposamenaren kauan, batzarrean zeuden 65 bazkideetatik 33k alde bozkatu zuten eta 7k kontra. Beraz, onartu egin zen puntua eta ondorioz, aurrerantzean, 80 urtetik gorakoen bazkari-omenaldirako partaidetza modu errotatorioan egingo dute.

Galde-erreguen puntuarekin bukatu zuten atzoko batzarra, eta hor ere atera ziren hainbat gai eta sortu ziren hainbat eztabaida.

Bestelako eskariak

Esaterako, gurpildun aulkian dagoen bazkide batek junta berriarendako eskaria egin zuen: antolatzen diren txangoak, egun bakarrekok, sikiera, gurpildun aulkietan daudenendako irisgarriak ere izan daitezela, autobusa zein bestelako zerbitzuak kontuan hartuta. Zuzendaritzatik erantzun zuten orain ere horrela egiten ahalegintzen direla.

Bestalde, Gabonetako loteria opari hartzeko bankuko kontua domizializatuta izan beharrarekiko desadostasuna erakutsi zuen beste bazkide batek. Hark proposatu zuen hori horrela ez izatea. Puntu hori ere bozketa bidez erabaki zuten eta aldeko lau boto izan zituen gaiak. Beraz, ez zen onartu.

Eta hortik aurrera, eskari eta proposamen gehiago ere mahai gaineratu zituzten. Erauntsi horren aurrean, zuzendaritzak gogorarazi zuen elkartean badagoela iradokizunetarako postontzia eta hura beti egoten dela hutsik. Horrekin batera, azken momentuko eskari erauntsi hori idatziz helarazteko eskatu zute, gaiak behar den moduan aztertu ahal izateko.

Poltsak eta pintxoak

Bilera bukatzeko, Iker Uzin Gizarte gaietako udal zinegotziak hartu zuen hitza. Zuzendaritza taldeari egiten duen lanarengatik eskerrak eta errekonozimendua helarazi zizkion, halaber, Udalarekin izandako harremana eta eskatutako batzordeetan parte hartzeko juntakoen prestutasuna ere eskertu zituen.

Amaitzeko, jakinarazi zuen datorren astean nahi ez den bakardadeari eta boluntariotzari buruzko mahai-ingurua izango dela, Soraluzeko Nagusien Kontseiluak antolatuta eta bertaratzeko gonbidapena egin zuen. Ekitaldia eguaztenean, otsailaren 18an izango da, KLB8ko lokalean, 18:30ean.

 

Batzarra borobiltzeko, bi elikagai-poltsa zozketatu eta pintxoak eman zituzten.