Lehiaketa bukatzear dela, bi taldek dagoeneko 300 boto pasa jaso dituzte

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 17a

Gaur, Aratuste-martitzena, 13:00etan bukatuko da mozorrorik onenari botoa emateko epea eta nabarmentzekoa da azken urteotako boto kopururik handiena eskuratu dutela bi mozorrok: Astorautek 388 boto eta Julio Cesar eta Cleopatrak 364 boto. Konparazioa egite aldera, azken urteotan, 100-200 boto bitartean eskuratu izan dituzte bozkatuenek. Gaur, 20:00etan banatuko dira mozorro lehiaketako lau sariak, eta, atari honetan emango da emaitzaren berri gaur bertan. HEMEN KLIKATUTA EMAN DAITEKE BOTOA.

Apenas lau ordu barru bukatuko da mozorro lehiaketako Barrena.eus/soraluze atariko bozketa, herritarren bozketa, eta, aurten, datu deigarriak ari da lagatzen.

Izan ere, azken urteotan 100-200 botoren artean eskuratu dituzte mozorro bozkatuenek, eta, aurten, berriz, badira bi talde 400era ailegatzeko puntuan daudenak: Astorautak 388 botorekin eta Julio Cesar eta Cleopatra 364 botorekin.

Haien atzetik datoz beste lau talde, laurak ere 200 botoetatik gertu: Azken afaria, 188 botorekin, Iraultzaileak 170 botorekin, Jesusaren jaiotza 167 botorekin eta Isa eta Charles Plaentxin 162 botorekin.

Barrena.eus/soraluze atariko bozketan boto gehien eskuratzen dituen taldeak 150 euroko saria eskuratuko du.

Lau sari

Hain justu, gaur, 20:00etan egingo du Soraluzeko Udalak mozorro lehiaketako sari banaketa Plaza Zaharrean. Honako sariak daude. Emaitza hemen jakinaraziko da, gaur bertan.

  • 1. Sailkatua: 300 euro.
  • 2. Sailkatua: 200 euro.
  • 3. Sailkatua: 100 euro.
  • Bozkatuena: 150 euro.

Epaimahaiak honako ezaugarri hauek hartuko ditu kontutan saria emateko orduan:

  • Interpretazioa: kalean zehar, mozorroari lotuta egindako jarduna, imitazioa eta antzerkia oinarri duena.
  • Eszenografia eta atrezzoa: norbanakoek jazten duten mozorroarekin batera erabilitako osagarriak eta eszenara ateratzeko baliabideen lanketa.
  • Originaltasuna: mozorroa aukeratzerako orduan, mozorroen eraikuntzan… erakutsitako originaltasuna.
  • Janzkera: mozorroak ezaugarritzeko aukeratutako materialak, eskuz egina izatea, etab.