1-3 urteko umeendako masaje tailerra izango da bihar

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 20a

Katamarran Haur Txokoaren eskutik, 1-3 urte bitarteko umeendako masaje tailerra izango da bihar, zapatua. Bigarren saioa du egitasmoak, eta, aurrekoan moduan, Edurne Salegi adituak gidatuko du. Dioenez, lehen saioaren antzerako dinamika izango du: masajea, jolas txikiak eta kantu tradizionalak uztartuko dituzte, umeen adinari egokituta. Argazkia: Katamarran.

Edurne Salegik (Azpeitia, 1977), esplikatu duen moduan, masajea umeen beharretara egokituko dute biharko saioan: "1-3 urteko umeak gehiago mugituko dira, umeek segituko dute jolasekin eta mugimenduekin eta masajea egokituko dugu horretara. Kantuei dagokienez, kantu-jolas txikiak dira, motz-motzak, umeendako pentsatutakoak. Eta nabarmentzekoa da gurasoen artean sortzen den giroa".

Horren harira, umearekin guraso edo senide bat baino gehiago joan daitekeela azaldu du. Joan daitekeela, adibidez, ama eta amama edo amama eta aitaita…

Bestalde, Salegik esplikatu duenez, masajeak funtzio bikoitza dauka, lasaigarria eta estimulatzailea: "Batetik, umea lasaitu egiten da, kontaktuari esker, azala azalarekin, begiradekin… baina, aldi berean, gorputz guztia estimulatu ere egiten dugu. Adibidez, masajea tripan ematean digestioarekin laguntzen da; bularrean ematean, arnasketarekin… Masajea ez da azalekoa, apur bat potenteagoa da eta gorputz guztia estimulatzen da; Indiatik datorren kontua da".

Tailerraren ondoren, bideo bat emango dute, masajeak etxean egin ahal izateko. Halaber, tailerrak beste saio bat ere izango du, 4-5 urtekoentzat.