"Baldintzak gogortzen doaz negozio txikiendako, eta gu ez gara heltzen"

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 20a

Miren Blanco eta Leire Mendizabal okindegian.

Martxotik aurrera, Mendizabal okindegia itxita izango da domeketan eta jaiegunetan. 20 urte baino gehiagoan ibili dira jaiegunetan herriari zerbitzua ematen. Erabakia gogorra izan dela esan dute okindegikoek, halabeharrez hartutakoa.

Zergatik erabaki duzue domeketan eta jaiegunetan ixtea?

Legeak ipintzen dituen zorroztasun guztiak bete behar horrek eragin du ezin jarraitzea domeketan eta jaiegunetan zerbitzua ematen. Ez gara ailegatzen. Pena handia ematen digu; izan ere, domeketan, herrian saltzeaz aparte, ogia eramaten dugu Elgoibarrera eta Osintxura, eta Mendaron ere hastekoak ziren. Hori bai, domeketan-eta ixten hasteaz bat, bariku arratsaldeetan berriro ere zabalduko dugu. 

Erabaki gogorra dela diozu.

Bai. Oso zaila. Ahalegindu gara eusten ahalik eta gehien, baina mugara ailegatu gara.  

Zergatik?

Baldintzak gogortzen doaz negozio txikiendako. Gure kasuan, pentsa, ez da gaizki saltzen dugula, hemen ogia ondo saltzen da, baina ez gara heltzen. Gu beti ahalegindu gara hemengo langileek baldintza onak izan ditzaten. Adibidez, goizetan bi langile eta neu ibiltzen gara; ipini ahalko genuke, bi barik, langile bakarra, baina lan handia litzateke harendako. Hala ere, hori mantentzeko, ez dakizu zenbat eta zenbat ogi saldu beharko genukeen… Bestalde, ahizpa min hartuta dago orain dela bi urte, eta gurea moduko negozio txikietan halakoek asko eragiten dute.

Orain hau itxiko duzue domeketan-eta, baina, lehenago ere, Baltegietako saltokia itxi egin zenuten, ezta?

Bai; haren kasuan, Ticket Bai programarengatik. Ticket Bai ipintzeko makina bat behar zen, eta makina hark 3.000 euro balio zuen. Horrez aparte, Baltegietako saltokia zabalik mantentzeko, pertsona bat ere behar zen arreta emateko. Guk hura ez geneukan zabalik dirua irabazteko; egunean 10-15 pertsona etortzen baziren… Guk hura zabaltzen genuen inguruko auzotarrak etortzen zirelako eta haiei zerbitzua emateko. Baina hura ere itxi egin behar izan genuen.