Herenegun, asistentzia aurreikuspen guztiak gainditu zituen Nahi ez den bakardadeari eta boluntariotzari buruzko mahai inguruak. Soraluzeko Nagusien Kontseiluak antolatutako lehen ekitaldia izan zen.

Partaide izan ziren Nagusilan Elkarteko, Mesedeetako egoitzako, Itxaropena elkarteko, Alkarri egitasmoko, Gurutze Gorriko eta Soraluzeko Udaleko ordezkari bana. Eta moderatzaile izan ziren Etzozi Larrañaga eta Begoña Txurruka soraluzetarrak eta Nagusien Kontseiluko kideak.
Bakoitzak beretik, nahi gabeko bakardadeari buruzko erretratua egin zuten eta egoera horri aurre egiteko dauden egitasmoen eta baliabideen berri eman zuten, besteak beste, boluntariotzaren bidetik.
Nagusilan elkartea
Boluntarioz osatuta dago, esaterako Nagusilan elkartea. Nahi gabeko bakardade egoeran dauden adineko pertsonei laguntzea du helburu. Mahai inguruan, elkarteko ordezkari Joserra Ezenarro elgoibartarra izan zen, eta, hark jakinarazi zuen 65 urtetik gorako lau lagunetatik batek pairatzen duela nahi ez den bakardadea.
Esplikatu zuen horri aurre egiten laguntzeko 1.150 boluntariok dihardutela Nagusilan elkartean, Gipuzkoan 27 ordezkaritza dutela eta iaz, 8.500 pertsonari lagundu zietela akonpainamendua egiten. Esan zuen ere 35 animazio talde dituztela egoitzetara, eguneko zentroetara… musikaz eta bestelakoz bizipoza eramateko, eta, 400 ikuskizun egin zituztela.
Osterantzean, Ezenarrok zahartze aktiboaren garrantzia azpimarratu zuen, besteak beste, boluntariotzak horretan asko laguntzen duela esanez, hartu zein ematen duenari, biei dakarzkielako onurak, jarduera estimulatzailea delako.
Gurutze Gorria
Gurutze Gorriko Divi Garciak, berriz, nahi gabeko bakardadeari eragiten dioten zenbait ezaugarri mahai gaineratu zituen. Adibidez, adierazi zuen irisgarritasun ezak eragin egiten duela pertsonen isolamendua areagotzen, izan, etxean ez dutelako igogailurik edo izan herria bera malkartsua delako, Soraluze, adibidez.
Halaber, besteak beste, esan zuen nahi gabeko bakardadeak osasunean ere ondorio negatiboak dituela. Eta oro har, adierazi zuen bakardadea sentimendu mingarria dela, denboran luzatzen dena eta lotura faltak eraginda sortzen dela.
Baina horrekin batera, azpimarratu zuen nahi ez den bakardade egoera hori aldatu egin daitekeela, eta, zentzu horretan, Gurutze Gorriak isolamenduari aurre egiten laguntzeko dituen baliabideen berri eman zuen Garciak.
Hark esplikatu zuenez, batik bat, nahi gabeko bakardadea pairatzen dutenen sare sozialak indartzeko jarduerak egiten dituzte Gurutze Gorrian, arreta etxeetan bizi direnengan jarrita. Haiei zuzendutako hainbat baliabide dituzte erakundean: etxeetara bisitak, pertsonak kalera ateratzea, Enrédate proiektua, Te acompaña zerbitzu multikanala, Voces en la Red…
Alkarri egitasmoa
Bestalde, Juan Fernandezek Soraluzen beste hainbat lagunekin elkarlanean garatu zuten Alkarri proiektuari buruzko kontakizuna egin zuen eta haren bitartez abiarazitako zerbitzuen berri eman.
Adibidez, etxerako catering, podologia, fisioterapia eta odontologia zerbitzuak eskaini zituzten, kanpoko auzoetatik erdigunera jaisteko auto-zerbitzua, belaunaldi arteko harremanak bultzatzeko egitasmoak, batez ere, Mesedeetako egoitzako egoiliarrei begirakoak, Gaztañerre azoka ikustera jaistea eta beste.
Lokala ere zabaldu zuten Santa Ana kalean. Baina Fernandezek esan zuenez, proiektua oso polita izan bazen ere, herrian ez zuen arrakastarik izan eta pandemiaren ondoren bertan behera geratu zen.
Edozelan ere, gaineratu zuen errealitatea aldatzen joan dela azken urteotan, eta, gaur egun zahartzaroarekin lotutako ikuspuntua zabalagoa dela, aktiboagoa eta gaiari baliabide gehiago eskaintzen zaizkiola. Horren adibide jarri zuen mahai inguruak izan zuen asistentzia altua.
Egoitzako Reyesen kontakizuna
Mesedeetako egoitzako egoiliar Jesus Reyesek, berriz, bere bizipenen berri eman zuen. Kontatu zuen, adibidez, Donostiatik etorri zela Soraluzeko egoitzara 15 egun pasatzera eta 15 urte daramatzala hemen.
Bertan pozik dagoela esan zuen, nahiz eta familiarekiko distantziak zaildu eta gutxitu egiten dituen bere bisitak. Hala, kontatu zuen, eguenetan, azoka txikiaren aitzakian herrira jaisten dela buelta bat eman eta kafea hartzera okindegira, askok agurtu eta berarekin berba egiten dutela eta horrek poztu egiten duela. Egoitzan oso ondo zegoela ere adierazi zuen, eta barrez, esan zuen faltan igartzen duen bakarra muserako lagunak zirela.
Azken horretatik abiatuta hartu zuen lekukoa Itxaropena Erretiratuen Elkarteko Lourdes Lizarralde kideak eta hark Itxaropena elkartera gonbidatu zuen Reyes, esplikatuz, bertan karta-jokoak izaten direla eta baita bestelako jarduerak ere. Lizarraldek aditzera eman zuen, akaso, boluntariotzaren bitartez gerturatu daitezkeela egoiliarrak erretiratuen etxeko jardueretara.
Zaintza ekosistema
Azkenik, Soraluzeko Udalaren izenean Esther Cruz zinegotziak hartu zuen hitza, esplikatzeko Udaletik ari direla herrian zaintza ekosistema komunitarioa sortzeko asmotan, zaintzeko eta zaindua izateko eskubidea bermatuko duena.
Esan zuenez, proiektua garatzen hasteko Jaurlaritzaren dirulaguntzaren erantzunaren zain zeuden, eta, hura, urte bukaeran iritsi da. Horren ondorioz, ezin izan dute proiekturako kontrataziorik egin orain arte.
Edozelan ere, gaineratu zuen 2026an pertsona bat kontratatuko dutela proiektua lantzen hasteko. Xehetasunen arabera, herriaren errealitateari buruzko diagnostikoa egiten hasiko da lanketa, eta, behin hori amaituta, proiektu pilotua diseinatzen hasi nahi lukete.