Baltegieta 18-24ko garajeetako hainbat jabe, etsi samar dabiltza, batarengatik ez bada bestearengatik, oraindik garajeak erabili ezinda dabiltzalako. Barikura arte, galtzada-harriak jartzeko lanengatik zebiltzan garajeak erabili ezinda. Baina barikuan, obrakoek pasabidea zabaldu zuten, eta oraindik, garajedun asko sartu ezinda dabiltza.
Ur-beltzen filtrazioak
Kontatu dutenez, ondoko etxeko ur-beltzen hodietako batek filtrazioak ditu eta garajeetara sartu zaie ur hori. Gainera, aldapak daude garaje barruan eta horrek ura sarbidera bideratu du. Ur hodia dagoeneko konpontzen ari dira. Gaur goizean ingurua pikatzen ari dira eta gero, hodi berria ipiniko dute. Esandakoaren arabera, gaur-bihar, gutxienez, lanean segituko beharko dute.