Atzo, otsailak 22, gizonen eta emakumeen arteko soldata berdintasunaren aldeko eta soldata-arrakalaren aurkako Europako Eguna izan zen. Hori aintzakotzat hartuta, gaur, pentsioen aldeko elkarretaratzean, salatu dute genero arrakala horrek pentsioetan ere sortzen dituela desberdintasunak.
Partekatutako informazioaren arabera, INEk (Espainiako Estatistika Institutua) argitaratutako 2023ko datuek diotenez, “arrakala hori % 18tik gorakoa da Euskal Autononia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroa da lurralde kaltetuena, % 20ko arrakala baitu”.
Salatu dute pentsioen arrakala hori eragiten duela, batik bat, “behin-behinekotasunak, ezkutuko ekonomiak eta zainketengatiko etenaldiek markatutako lan-ibilbideek”, eta gogora ekarri dute gehien emakumeei eragiten diela. Esan dutenez, “2025eko abenduaren 31n, EAEn, Erregimen Orokorrean dauden emakume jubilatuek gizon jubilatuek baino ia 650 € gutxiagoko batez besteko pentsioa dute, eta, Nafarroan, aldea ia 700 €-koa da”.
Hori horrela, pentsiodunen mugimenduak “genero arrakala murrizteko neurri eraginkorrak” eskatu ditu, eta, gogora ekarri du pentsiodunek bultzatutako Herri Ekimen Legegileak gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea eskatzen zuela. Zentzu horretan, adierazi dute bat egiten dutela M17rako deitutako greba orokorrarekin, honako hiru helburuak lortzeko:
- Gutxieneko pentsioa LGSarekin parekatzea.
- LGSaren azpitik dauden pentsioendako osagarriak jartzea EAEn zein Nafarroan
- Soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakalaren aurkako egiturazko neurriak.
Pentsioen errebalorizazioa
Bestalde, zapatuan, Hego Euskal Herriko hiriburuetan pentsioen errebalorizazioa aldarrikatzeko manifestazioak egin zituzten. Soraluzetik Donostian egindako protestara batu ziren hainbat kide.


Hain justu, eguen honetan, otsailak 26, Espainiako Kongresuko osoko bilkuran berriro ere bozkatuko dute pentsioen gaineko dekretua.